Aurtengo udan ere Arranopola kultur ekimenaz gozatzeko aukera izango da Zarauzko Arrano tabernan. Ostegun arratsaldetik hasita, abuztuaren 28ra arte, asteazken edo ostegunero kontzertu bat izango da Musika Plazako oholtzan. Emanaldiak arratsaldeko 20:00etatik aurrera izango dira.
Ohikoa den moduan, talde zarauztar batekin emango diote ostegunean hasiera Arranopolari: Arranoko gitarrajoleak. Ikasturtean zehar ikasitako doinuekin alaituko dute arratsaldea. Hurrengo ostegunean, berriz, On talde donostiarraren txanda izango da. 2019an etenaldi bat egin ostean, hirukotea berritu dute, eta martxoaren 28an itzuli ziren berriz ere oholtzetara. Orain, Itsaso Gutierrez, Maialen Urretabizkaia eta Maialen Aranak osatzen dute taldea.
Uztailaren 17an berriz ere etxeko talde baten txanda izango da: Slow Times Blues Band. Uztailaren 24an Ander Zubillagak girotuko du Musika Plaza. Gitarrajole tolosarra Euskal Herriko hainbat taldeetako kide izan da eta, orain, bakarlari lanetan ari da. Ganibet taldearen txanda izango da uztailaren 30ean, eta Ur taldearena abuztuaren 7an. Ganibet taldeak musika elektronikoa eskainiko du, eta Ur-ek, berriz, rock, soul eta funk doinuak. Abuztuaren 13an, berriz, Rock elektronikoaz gozatzeko aukera egongo da, Onki Xin taldearen eskutik. Isuo zarauztarrak abuztuaren 21ean eskainiko du bere kontzertua, eta Arranopolari amaiera emateko ardura Ekiza & Xak taldeak izango du, abuztuaren 28an.
- Uztailak 3: Arranoko gitarrajoleak
- Uztailak 10: On
- Uztailak 17: Slow Times Blues Band
- Uztailak 24: Ander Zubillaga
- Uztailak 30: Ganibet
- Abuztuak 7: Ur
- Abuztuak 13: Onki Xin
- Abuztuak 21: Isuo
- Abuztuak 28: Ekiza & Xak