Zarauzko Udalak euskara sustatzeko diru laguntzak emango ditu, eta dagoeneko zabaldu du horiek eskatzeko epea. Izan ere, udalaren esanetan, zarauztarren %74 elebiduna da, eta laguntzen bitartez, helburua da portzentaje horri eutsi, eta ahal izanez gero, handitzea.
Hori horrela, 2024-2025 ikasturtean zehar euskalduntze- eta alfabetatze-ikastaroak burutu dituzten herritarrak diruz lagunduko ditu. Diru laguntza lerro honen bitartez, "elebidunen kopurua handitzea" du xede udalak. Laguntza hori eskuratzeko bete beharreko baldintzak ere zehaztu dituzte:
- Diru laguntzaren xede den ikastaroak irauten duen bitartean Zarauzko udalerrian erroldatuta egotea.
- Ikastaroan eskainitako orduen %80 betetzea gutxienez.
Hala, Zarauzko Udalak 40.240,62 euro banatuko ditu laguntza eskatzen duten herritarren artean. Zehazki, uztaila baino lehen amaitutako ikastaroen matrikularen %75 ordainduko da (%100 langabezian dauden ikasleen kasuan), eta udako ikastaroen matrikularen %50a (%75 langabezian dauden ikasleen kasuan).
Eskaerak
Diru laguntzak eskatzeko bi epealdi egongo dira; alde batetik, 2025eko uztaila baino lehen bukatutako ikastaroengatik ekainaren 30etik uztailaren 11ra arte egin beharko da eskaera. Bestetik, 2025eko uztailetik irailera bitartean egindako ikastaroengatik irailaren 29tik urriaren 10era egin beharko da eskera.
Eskaera egiteko udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzura (HAZ) joan behar da, astelehenetik ostiralera, 7:30etik 15:00etara, edota Udal zerbitzu telematikoen bitartez ere egin daiteke.