San Pelaio jaietako azken eguna ez ezik, aldarrikatzeko eguna ere izan zen atzokoa. Izan ere, Harrotasunaren Nazioarteko Eguna zen atzo, ekainak 28, eta txosnagunean festetako azken orduak baliatu zituzten LGTBI+ kolektiboaren eskubideak aldarrikatu eta errealitatea mahai gainean jartzeko.
Hori horrela, Olatz Salvadorren kontzertuarekin hasi zuten arratsaldea Munoan. Bero handia eginagatik ere, dozenaka herritar gerturatu ziren Salvadorren kontzertu akustikoa entzutera.
Jarraian, Dragpelayoren bila karropoteo musikatu egin zuten. Ordea, aurretik, LGTBI+ kolektiboaren errealitatea ikusarazi eta eskubideak aldarrikatzeko, performancea egin zuten.
Festei amaiera borobila emateko, Las Marikarmen eta Fifi eta Fefa DJen saioak izan zituzten Munoan. Iñurritzan, berriz, Bikabi, Olloki eta Itzal taldeek emanaldi bana eskaini zuten, eta, amaitzean, bandera jaitsi zuten zelaian, festak datorren urtera arte agurtuz.