Hasi da eskubaloi ikuskizuna Desertu Txikian

Intza Trula 2025ko eka. 28a, 13:00

Haurren Txaparrotan txapelketa abiatu dute 09:30ean. Gaur eta bihar jokatuko dituzte partidak, egun osoan zehar.

Eskubaloi ikuskizun ederra ari dira eskaintzen Desertu Txikian. Haurren Txaparrotan txapelketa abiatu dute 09:30ean, eta ordutik etenik gabe ari dira jokatzen neurketak, bata bestearen atzetik.

Eguzkia gogor ari da jotzen joko eremu guztietan, eta atsedena gerizpean egoteko eta ura edateko aprobetxatu dute talde gehienek. Beste batzuek, aldiz, itsasoan sartu-irten bat egiteko hautua egin dute.

Orotara, benjaminen, kimuen, infantilen eta egokituen artean, 119 talde izan dira txapelketan parte hartzera animatu direnak. Gaur eta bihar artean jokatuko dituzte partida guztiak; zehazki, bihar 17:30ean eta 18:00etan jokatuko dituzte final handiak.

Halaber, datorren asteburuan, uztailaren 5ean eta 6an, helduen txanda izango da. 128 taldek parte hartuko dute bertan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide