San Pelaio jaien azken txanparekin batera, Zarauzko Udalak uztailerako eta abuzturako antolatu duen ekitaldi sorta aurkeztu dute Xabier Txurruka alkateak eta Irune Urbieta kultur zinegotziak gaur eguerdian Torre Luze alboko parkean emandako prentsaurrekoan. Egitaraua jasotzen duen liburuxka ere erakutsi dute. Aipatu liburuxka datorren astelehenetik aurrera banatuko dute etxebizitzetako postontzietan, eta eskuragarri izango da Zarauzko Turismo Bulegoan ere.
Txurrukak azaldu duenez, udaleko zerbitzu eta sail desberdinen eta herriko eragileen artean ondu dute egitaraua. Egitarau "berezia eta aberatsa" dela azpimarratu du alkateak. Izan ere, bere esanetan, uztailerako eta abuzturako "120tik gora ekitaldi jasotzen dira bertan". "Aitzakiarik ez da gustuko zerbait aurkitzeko. Denetarik eta denontzako dago bertan", nabarmendu du.
Kultur egitaraua Kalerki kaleko antzerki jaialdiarekin hasiko da, uztaileko lehen asteburuan. Antzerkiarekin jarraituta, Antzerkia familian agitasmoa ere izango dela azaldu du Irune Urbietak. Berrikuntza batekin dator, baina, aurtengo edizioa, Villa Mundatik Santa Klarara lekualdatuko dituztela ekitaldiak. "Uztaileko eta abuztuko sei ostegunetan izango da, eta familian gozatzeko aukera eskainiko du", gaineratu du. Bertso astea ere izango dela iragarri du, bere egitarau propioarekin.
Abuztuan, berriz, Udako musikaldia izango da. Bost saio izango dira Santa Klarako elizan abuztuko ostiraletan, azken saioa izan ezik, larunbatean izango dela. Emanaldietarako sarrerak uztailaren 18an jarriko dituzte salgai Modelo aretoko leihatilan eta, online, Kutxabanken webgunean.
Iazko bidea jarraituz, aurten ere herri bertako musikari bati aukera emango diote herrikideen aurrean jotzeko. Mare Otegi piano jotzaileak errezitaldia eskainiko du Trio Mare hirukotearekin. Abuztuaren 30ean izango da, zikloari amaiera emango dion emanaldiarekin. "Iaz Goretti Eizagirre sopranoak eman zuen kontzertua, eta oso esperientzia polita izan zen denontzako, bai musikariarentzako, bai entzuleentzako, eta aurten Mare Otegiri luzatu diogu proposamena, eta baiezkoa eman zigun, oso gustura", adierazi du Urbietak.
Erromeriak eta kirol eskaintza
Xabier Txurrukak gaineratu du aurten ere erromeriak egingo dituztela igande arratsaldetan Musika plazan uztailean eta abuztuan zehar. "Bere arrakasta izan du, eta jende dezente etortzen da igande arratsaldeetan. Negu garaian Aristerrazun izaten diren erromeriek jarraipena izaten dute udan Zarautzen, Musika plazan. Giro polita sortzen da", esan du.
Kirol programazio handia ere edukiko dutela esanaz jarraitu du. "Zeharkaldia uztailean, estropadak, pilota partidak, erremontea, asteazkenetako herri kirolen erakustaldiak Lege Zaharren enparantzan... Zentzu denetan, kultur eta kirol ekitaldiz osatutako programa da hau", nabarmendu du Txurrukak.
Malekoian, Dama inguruan, Aste Nagusiaren barruan kontzertuak izango direla ere gogoratu du, eta aurreratu ekitaldi jendetsuenetakoa suertatzen dena, Los 40 summer live kontzertua aurten San Inazio egunean izango dela, uztailaren 31n, gau partean, hura ere Daman.