Festak ez du etenik. San Pelaio bigarrena da gaur, baita Haurren eta Gazteen Eguna ere. Aurreko egunetan bezala, gaur ere eguraldiak ez du hutsik egin, eta dozenaka herritar irten dira kalera ekintzez gozatzera.
Goiztiarrenak, eguzkia atera aurretik elkartu dira, eta baratxuri zopa jan ondotik, Iñurritzan oilasko biltzea egin dute. Ohiturari jarraituz, auzoko hainbat eta hainbat txokotan astindu dituzte hankak eta gerriak, umore onez eta etxera joateko inongo asmorik gabe. Handik metro batzuetara, aldiz, umeei zuzenduriko ekintzez gozatu dute familiek. Alde batetik, egurrezko jolasak jarri dituzte Frontoi Txikin, eta Lege Zaharren Enparantzatik abiatuta, erraldoi txikien kalejira egin dute. Biek ala biek ume asko bildu dituzte, eta horiek ez dute aspertzeko tarterik izan.