Erraldoiak, Iñurritzako aurreskua eta paella lehiaketa, San Pelaio eguneko goizaz gozatzeko

Mireia Galarza Bastida 2025ko eka. 26a, 16:24

Herritarrek ez dute hutsik egin San Pelaio egunean ere, eta herrian zehar egindako ekintzetan parte hartu dute askok eta askok. Arratsaldean ere izango da non gozatu. 

San Pelaio eguna da gaur, eta umeen eta helduen danborrada amaitu eta handik ordu batzuetara, berriro bete da Lege Zaharren Enparantza. Kasu honetan, baina, erraldoiz; izan ere, Erraldoi eta Buruhandien Zarauzko VII. Topaketa egin dute goizean, dianak eta gero. Zarauzko Erraldoien eta Buruhandien elkarteaz gain, Iruñeko Mendillorri auzoko eta Pasaiako buruhandiek ere bete dute plaza. Eguzkia lagun, dozenaka haur eta guraso batu ditu hitzordu horrek. 

Iñurritzan, aldiz, aurreskua egin dute tradizioari jarraituz. Jende andana bildu da bertan ere, batzuk auzokideak baina baita herriko beste txokoetako jendea ere. Iñurritzakoak izan baina herritik kanpo bizi direnek ere aprobetxatu dute hitzordu berezi horretara gerturatzeko. Gainera, ohiko dantzez gain, Joxe Miel Gastañares Legazpi txistulari eta maisuak Goizeko Ihintza txistulari taldeko omenaldia jaso du, "urte luzez egindako lan guztiagatik". 

Herriko beste puntan, Munoan, paella lehiaketan parte hartu dute herriko hainbat kuadrillak. Beroak bero, eta atzoko parrandak eragindako ajeak albo batera utzita, talde bakoitzak fin-fin prestatu du bere errezeta, denak ere lagunarte ederrean. Arratsaldean, txosnaguneko egitarauari jarraipena eman eta pixka bat freskatzeko xedez, balsa karrera egingo dute. Herrian zehar, aldiz, dantzaldiak, kalejirak eta erromeriak izango dira protagonista. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide