Helduek itxi dute sanpelaioetako gau magikoena

Intza Trula 2025ko eka. 26a, 09:30

Jendetza batu zen atzo gauean Lege Zaharren Enparantzan, helduen danborrada ikusi eta parrandari ekiteko. Jose Inazio Elias eta Joxe Miel Gastañares Legazpi txistulariak izan ziren banderaren igoerako bi gonbidatu; hirugarrena, berriz, Udaberri elkarteko Pedro Chico izan zen, eta San Pelaio makila jaso zuen.

Haurren Agerraldiaren ondoren, helduen txanda izan zen San Pelaio bezperako gauean. Danborrada ikusgarria bezain berezia eskaini zuten herrian barrena nahiz Lege Zaharren Enparantzan, eta jende ugari bildu zuen ekitaldiak. Eguraldi aparta lagun, guztiek ikusi nahi izan zituzten danbor joleak bertatik bertara, baita festetako bandera igoera ere.

Aurreikusita zegoen moduan, 23:35 aldera sartu ziren danbor joleak plazara, eta elkarte guztiak bildutakoan, Xabier Txurruka alkateak San Pelaio makila eman zion Pedro Chicori. Udaberri elkarteko kidea da bera, eta urte luzez egindako lanagatik jaso zuen aitortza.

Ordea, Chico ez zen atzoko protagonista bakarra izan; izan ere, Chicorekin batera, Jose Inazio Elias eta Joxe Miel Gastañares Legazpi txistulariek izan zuten udaletxeko balkoitik bandera igotzeko ardura. Ohiturari jarraituz, une horretan Pelaio, Pelaio ereserkia abestu zuten guztiek. Aurretik, Torreoiaren erreplika jaso zuten biek. Hunkituta eta oso eskertuta agertu ziren hiru protagonistak ekitaldi osoan zehar.

(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide