Eguerdian murgildu dira zarauztarrak San Pelaio jaietan. Festak hasteko txupina bota dute udaletxeko balkoitik, eta Janitz Azpiroz Haurren Agerraldiko Danbor Nagusiak Aginte Makila jaso du Xabier Txurruka alkatearen eskutik. Ekitaldi horri jarraipena emanaz, Haurren Agerraldia zuzendu dute arratsaldean Azpirozek eta beste zazpi zuzendarik.
Urtero legez, puntu ezberdinetatik abiatu dira danborradako taldeak, zuzendariek gidatuta eta banda edota txaranga banak lagunduta. Zehazki, Vista Alegretik atera da Azpirozen eta Iker Egañaren taldea; Iñurritzatik egin du Mairi Murua eta Oier Iturrioz zuzendarien taldeak; Malen Malmasorok eta June Arrojeriak zuzendutako danbor joleak Azken Portutik irten dira, eta, azkenik, Maiu Etxabe eta Ander Urrutiak gidatutako taldeak Itxasmendin izan du irteera.
Talde bakoitzak bere desfilea egin ostean, 20:00 aldera elkartu dira guztiak Lege Zaharren Enparantzaren sarreran, eta apurka-apurka plazan kokatu dira guztiak. Jarraian, lau umek bertso bana eskaini dute, eta, ondoren, bost pieza jo dituzte haur guztiek beren danborrekin eta barrikekin.
Ekitaldia amaitzeko, Haur Kultur Taldea osatzen duten kideak igo dira plazaren erdian kokatuta zegoen oholtzara, eta elkarri helduta jo eta abestu dute azken ereserkia: Pelaio, Pelaio. Abestia amaitzearekin batera kendu dituzte haurrek txapelak, zerurantz botatzeko.
Helduen txanda izango da orain, gauerdian. 23:30 aldera helduko da danborrada Lege Zaharren Enparantzara, eta banderaren igoera eta txupinazoa zuzenean ikusi ahal izango dira Guka Telebistaren zein Zarautz Gukaren webgunean.