Festaz blaitu dira zarauztarrak

Mireia Galarza Bastida 2025ko eka. 25a, 15:30

Plaza beterik zela abiarazi ditu Janitz Azpiroz Haurren Agerraldiko Danbor Nagusiak sanpelaioak. Datozen egunetan ere izango da zer gozatua herrian. 

Blai-blai. Horrelaxe hasi dituzte zarauztarrek sanpelaioak, 12:00etako txupinazoarekin batera. Bustita ez aurreikusita zegoen euriagatik, baizik eta alderantziz, bero sapak eragindako izerdiagatik. Hori ez da, ordea, oztopo izan festen hasierarako, eta fin-fin bota dute, beti bezala, eguerdiko suziria. Horretaz arduratu da Janitz Azpiroz aurtengo Haurren Agerraldiko Danbor Nagusia, udaletxean egindako ekitaldian makila jaso ostean Xabier Txurruka alkatearen eskutik.

Halaber, bertan izan dira arratsaldeko danborradan zuzendari modura arituko diren gainontzeko gazteak ere: Vista Alegretik irtengo da Azpiroz Iker Egañarekin batera; Iñurritzako zuzendariak izango dira Mairi Murua eta Oier Iturrioz; Malen Malmasorok eta June Arrojeriak zuzenduko dute Azken Portuko taldea; eta azkenik, Maiu Etxabe eta Ander Urrutiak gidatuko dute Itxasmendiko taldea. Denek osatuko dute arratsaldeko Haurren Agerraldia, 18:30ean hasita. Plazan, 20:00 aldera elkartuko dira. 

Udaletxeko hitzorduaren ondoren lehertu da kalean festa, buruhandiekin eta txarangarekin. Plaza betea zegoela jaso dituzte umeek udaletxetik botatako karameloak, eta jarraian, kalejiran joan dira guztiak batera Santa Marina ermitara. Bertara iritsi aurretik, baina, Zigordia, Ipar eta Santa Marina kaleak igaro dituzte. Ermitaren barrualdean, ohi bezala, lore eskaintza egin diote Zaindariari, eta eskerrak emateko ere aprobetxatu dute momentua protagonista gazteek. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide