Gaur hasiko dira ofizialki San Pelaio festak Zarautzen. Larunbatera bitartean izango da zertaz gozatua herrian, eta momentu goxo eta hunkigarriek ere edukiko dute beren lekua. Horietako bat izango da jaien hasierakoa: Jose Inazio Elias (Azpeitia, 1951) eta Joxe Miel Gastañares Legazpi (Legazpi, Gipuzkoa, 1946) txistulariek igoko dute San Pelaio jaien hasierako bandera. Iluntzean izango da hori, helduen danborradarekin batera, Lege Zaharren Enparantza koloretako txapelez eta txalekoz beteko den momentuan.
Eliasek azaldutakoaren arabera, Santa Zezilia egunean izan zuen berak aitortzaren berri. "Xabier Txurruka alkateak deitu zidan, eta asmoa azaldu zidanean, Joxe Mielekin hitz egingo nuela esan nion". Legazpik dio "inondik inora" ez zutela espero bandera igotzeko ohorea beraiei ematea, baina gustura jaso zutela berria: "Merezi dugula uste dut, hainbeste urtetan ia hutsik egin gabe txistua eta danbolina jotzen aritu ostean", eman du aditzera azpeitiarrak. "Gurekin gogoratzea bakarrik pozgarria da", gehitu du Gastañaresek.
Hitzordu berezia izanagatik, ordea, horrek urduritasun gehigarririk ez diela sortzen adierazi dute biek, "lasai" daudela: "Besteek egin badute, guk ere egingo dugu zerbait".
Gaur jasoko duten aitortzaren atzean, baina, "aspaldi-aspaldi" hasitako harremana ezkutatzen da, bi txistulariek azaldu dutenez. "Kruz Mari Frantzesena Belaetxe zena azpeitiarra zen, eta Zarautzera etorri zen bizitzera. Ni ere Legazpitik hona etorri nintzen, eta orduan ezagutu nuen Belaetxe; gerora izan nuen Eliasen berri, hura ere Zarautzera etorri baitzen", dio Legazpik.
Ezagutu zirenetik, ordu asko elkarbanatu dituzte sanpelaioetan bandera igoko duten bi lagunek, asko txistuaren bueltan, baina baita jan-edanaren inguruan ere. Bizipenei buruz galdetuta, hasperen egin dute biek barrez, horiek asko direla ulertzera emanez, baina ez dituzte azaldu nahi izan. "Parranda asko egindakoak gara elkarrekin, gehiegi gauza onerako".
Era batera edo bestera, dozenaka leku alaitu dituzte txistu eta danbolin doinuekin, bai Zarautzen eta bai inguruko herrietan, eta sanpelaioetakoa beste bizipen bat izango da beraientzat. Bandera igo eta hurrengo egunean, berriz, ohi bezala, goizeko eresian irtengo dira, eta garbi esan dute: "Gorputzak uzten digun bitartean, txistua jotzen jarraituko dugu han eta hemen".