San Pelaio jaiei hasiera emango diete gaur zarauztarrek, eta, horren ondorioz, bi egun lehenago egin zuten ekaineko osoko bilkura. Atzo arratsaldean izan zen, udaletxeko pleno aretoan. Bertan, zenbait kreditu aldaketa onartzeaz gainera, ordenantza baten aldaketari onespena eman zioten: Zarauzko hondartzako ordenantzaren aldaketari, hain zuzen ere. Horrez aparte, Amillubi eremuko 1 eta 3 multzoko higiezin eremuko partzelak lehiaketa bidez besterentzeko prozedura arautzeko agiria ere onartu zuten.
Saioko zortzigarren puntua izan zen hondartzako ordenantzaren berrikuspenarena, eta aho batez onartu zuten. Inaxio Illarramendi PSE-EEko bozeramaile eta Ingurumen zinegotziaren esanetan, "pauso sendoa" da, eta "elkarlanean" osatutako zerbait izan da; hau da, kontatu zuenez, udal talde guztien proposamenak jaso dituzte, baita herritarren iritziak ere. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan lehen herria da arau hori ezartzen.
Ildo beretik, EH Bilduko zinegotzi Ainara Landa "pozik" agertu zen aldaketarekin, eta ordenantza hau lantzeko EH Bilduk udal gobernuarekin izandako "hartu-emana" nabarmendu zuen. "Askotan salatzen dugun bezala, ez da oso ohikoa udal gobernua gurekin lankidetzan aritzea erabakiak hartzerako orduan, baina, kasu honetan, EH Bilduren eta PSE-EEren artean gutxienez, elkarlan bat egon da".
Hala eta guztiz ere, "zintzilik" geratu den puntu bat mahai gainean jarri zuen zinegotziak: bainu guneen eta ur-kirolen arteko oreka. "Ordenantzaren aldaketa osatzeko herritarren iritziak jasotzean, askok esan zuten guneen arteko orekarekin ez daudela ados, eta gaiak tentsioa sortzen du", gehitu zuen Landak. Horregatik, azken puntu honi dagokionez, etorkizunean lanketa "sakonago" bat egitea eskatu zuen.
Aldaketak
Hori horrela, aurrerantzean Zarauzko hondartzan bete beharko diren zenbait arau aipatu zituen Illarramendik. Garrantzitsuenetako bat hondartzan erretzeko debekua izango litzateke. Orain arte gomendio bat zen hori; aurrerantzean, ordea, debekua izango da.
Horrez aparte, herritar zein bisitari guztien "lasaitasuna" bermatzeko helburuarekin, megafono, transistore edo antzeko aparatuak erabiltzea ere ez da baimenduta egongo. Halaber, "ingurumena eta dunak babesteko" asmoz, dunak zapaltzea debekatuta egongo da, bai alde batetik bestera zeharkatzeko, bai bertan egoteko ere.
Azkenik, zakurren egutegia ere eguneratu dutela jakitera eman zuen Illarramendik. Hemendik aurrera, udako denboraldia amaitu eta Aste Santua bitarte, zakurrek edozein egun eta ordutan ibili ahal izango dute hondartzan. Aste Santutik udako denboraldira arte, astegunetan jaitsi ahal izango dute hondarretara, baina asteburuetan 21:00etatik 09:00etara soilik. Udako denboraldian, berriz, 21:00etatik 09:00etara bakarrik izango dute baimendua hondartzarako sarrera.
Amillubiko 1 eta 3 eremuak
Amillubi eremuko higiezin multzoko 1 eta 3 partzelak lehiaketa bidez besterentzeko prozedura arautzen duen agiria izan zen atzoko azken puntua. Aurrera egin zuen proposamenak, baina oraingo honetan EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin, EH Bilduk aurka bozkatu baitzuen.
Proiektua 10.464.753,23 eurotan aterako du udalak lehiaketa publikora, eta enpresa esleidunak autobus geltokia, lurpeko aparkaleku publikoa eta etxebizitza pribatuak nahiz babestuak egin beharko ditu –20 etxebizitza tasatu eta 45 libre–.
Zarauzko Udalarenak dira Amillubiko lur horiek, eta EH Bildu aurka agertu zen lur publikoak enpresa pribatuei saltzearekin. "Ez gaude ados herriarenak diren lurrak esku pribatuetara bideratzearekin, lur guzti horiek funtzio soziala bete beharko luketela uste baitugu", egin zuen azpimarra EH Bilduko zinegotzi Itziar Muruak.
Halere, autobus geltoki berria egitearekin "guztiz ados" daudela ere gehitu nahi izan zuen koalizioko zinegotziak, baina hori finantzatzeko "beste modu bat" bilatu beharko litzatekeela zioen, nahiz eta ez zuten zehaztu hori nola egingo luketen.
Illarramendiren esanetan, etxebizitzak, autobus geltokia eta lurpeko aparkalekua egiteko "modurik hoberena" da honakoa. "Nahiko genuke etxebizitza guztiak publikoak izatea, baina ez da posible, eta aukerarik onena gaur mahai gainean dugun hau da", esan zuen.