San Pelaio jaietan murgilduko da bihar herria, eta Zarauzko Udaleko Berdintasun departamentuak jakitera eman duenez, Puntu Morea jarriko dute Musika Plazan. Bi egunetan egongo da postua zabalik: ekainaren 25ean 00:15etik 02:00etara eta 26an 22:00etatik 00:00etara, hain justu ere.
Zarauzko Udaleko Berdintasun zinegotzi Gloria Vazquezen esanetan, Puntu Morearen helburua "bikoitza" da: "Alde batetik, sexu eraso baten aurrean nola jokatu behar den jakiteko herritarrei informazioa zabaltzea, eta, bestetik, eraso bat gertatzekotan, erasoa jasan duenari laguntza ematea".
Laguntza emateaz aparte, Berdintasun departamentuak ondutako eskuorriak ere eskuratu ahal izango dira bertan, "indarkeria sexistei buruzko informazio zehatz eta argiarekin eta indarkeria matxistaren biktimak artatzeko informazioarekin".
Pegatinak, poltsak eta kondoiak ere banatuko dituzte. "Gogorarazi nahi dugu onartutako erlazioetan oso garrantzitsua dela preserbatiboak erabiltzea haurdunaldiak ekiditeko, baina, bereziki, sexu-transmisioko gaixotasunak ekiditeko", gaineratu du Vazquezek.
Horretaz gain, bertara hurbiltzen direnei argazkiak egitea eskainiko zaie, Berdintasuneko sare sozialetara igo eta hainbat mezu zabaltzen laguntzeko helburuarekin: hala nola "Nire janzkera ez da zure gonbidapena"; "Eraso sexistarik ez"; "Ez ezazu nire espazioa inbaditu"; "Ni ere eraso sexisten aurka" eta "Erasotzea delitua da, defendatzea ez".