Gaur ireki dute Mercadona Zarautzen, eta horren kontra, hainbat herritar elkartu dira supermerkatuaren kanpoaldean Mercadona, ez merke ez ona lelopean. LAB sindikatuak deitu du elkarretaratzea, "bertako langileen egoera salatzeko asmoz", eta performace bat egin dute hori irudikatzeko.
Zehazki, baserritarrez eta Mariz jantzi dira protesta egin dutenak, eta lehenengo horiek salatu dute Mercadonaren politikek ez dituztela bertako ekoizle nahiz kontsumitzaileak kontuan hartzen. "Ez dituzte euskal baserritarren produktuak saltzen, gure herriaren nortasun eta hizkuntzari muzin egiten diote, ez dituzte euren langileak zaintzen, irabaziei bakarrik erreparatzen diete, eta gainera, Israel bezalako estatuekin harremanak izaten jarraitzen dute", azaldu dute baserritarrez jantzitako herritarrek. Ikusmina sortu du protestak, eta asko izan dira beren mugikorra eskuan grabatzen hasi direnak ere.
Egoera hori baliatuz piztu dituzte bengala moreak, eta, jarraian, pankarta zabalduta jarri dira supermerkatuaren aurrealdean. Bertan zeudela garbi utzi nahi izan dute oihuka hemen lan egiten dutenek hemen negoziatu beharko dutela hitzarmena, eta "horiek duinek" izan beharko dutela, baita emakumeentzat ere. "Langileen aurkako jarreren aurrean parez pare egongo da LAB, horien bidelagun izango gara, eta elkarrekin lortuko dugu egoera aldatzea", gehitu dute.