San Joan bezpera da bihar, ekainaren 23a, eta ohiturari jarraituz, San Joan sua egingo dute Mitxelenako zabalgunean, 22:00etan. Horren aurrean, Zarauzko Udalak herritarrei gogorarazi die guztiz debekatuta dagoela hondartzan sua egitea.
Hondartzako ordenantzako 12. artikuluan dago jasota debeku hori, eta, bihar ez ezik, araua "urte osoan zehar" errespetatu behar dela dio udalak. Zarauzko hondartzan mareak gora egiten duenean, asko murrizten da bere azalera eta, bertan suak eginez gero, hondakin guztiak uretara isuriko lirateke.
Beraz, udalak zarauztarrei "zentzuz jokatzeko eta hondartzako legedia errespetatzeko" deia egiten die.