Lehen sorospen ikastaroa eskainiko du DYAk uztailean

Intza Trula 2025ko eka. 21a, 14:00

DYAko bi kide, malekoian jarritako informazio puntu batean. (Intza Trula)

Bi eguneko ikastaro praktiko-teorikoa izango da, uztailaren 5ean eta 6an, eta herritar guztiei zuzendutakoa da. Parte hartzeko izena eman behar da, eta matrikulazioak 60 euro balio ditu.

DYA Gipuzkoak lehen sorospen ikastaroa emango du Zarautzen uztailaren 5ean eta 6an. Bi egun iraungo dituen ikastaro teoriko-praktikoa izango da, lehen sorospenetako oinarriak barneratzeko balioko duena.

Parte hartzen dutenek egunerokotasunean aurkitu ditzaketen arrisku egoeren eta larrialdien aurrean nola jokatu behar duten ikasiko dute: hala nola bihotz biriken suspertzea, zauriak eta hausturak landuko dituzte. Bost orduko bi saio izango dira, 09:00etatik 14:00etara, eta DYAko eraikinean bertan eskainiko dituzte; Iturbidea kalea, 12 zenbakian, alegia.

Zehaztu dutenez, parte hartzeko ez da aurreko osasun ezagutzarik behar, eta, beraz, interesa duen herritar orori dago zuzenduta. Plazak mugatuak dira, eta inskripzioak 60 euro balio ditu. Hori horrela, izena emateko edota informazio gehiago jasotzeko 943-46 46 22 telefono zenbakia edo www.DYAgipuzkoa.com webgunea erabili daitezke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide