Nazioarteko konpainia ugarik hartuko du parte aurtengo Kalerkin

Aritz Mutiozabal 2025ko eka. 21a, 11:00

Ganso & Cia. taldea iazko Kalerkin. (Aritz Mutiozabal)

Uztailaren 3tik 5a bitartean, 11 ikuskizunez gozatzeko aukera izango da Santa Klaran, Villa Manuelan, Frontoi Txikin eta Munoan. Pare bat ikuskizunetarako gonbidapenak hartu beharko dira, edukiera mugatu dutelako.

Munduko leihoak zabalduko ditu Kalerkiren 32. ekitaldiak. Zarauzko kaleko arte eszenikoen jaialdia klasikoa uztailaren 3tik 5era ospatuko da, eta urtero bezala, antzerkia, dantza, zirkua eta beste diziplina batzuetako ikuskizunak hartuko dituzte herriko herriko txokotan. Guztira,  11 ikuskizunez osatutako programa antolatu du Zarauzko Udaleko Kultura departamentuak, adin eta gustu guztietara moldatuak, eta, aurten, atzerriko taldeek parte hartze nabarmena izango dute.

"Ohi bezala, Euskal Herriko konpainien presentzia izango dugu, baina aurtengo edizioan nazioarteko konpainia ugarik ere parte hartuko dute, beste kale jaialdi batzuekin urtean zehar landutako elkarlanaren ondorioz”, azaldu du Irune Urbieta Kultura zinegotziak. Gauzak horrela, jaialdian ariko diren erdiak etxekoak izango dira eta gainerakoak Katalunia, Suedia, Belgika eta Frantziako konpainiak.

Euskal koreografiak

Euskal konpainien artean, hiru dantza konpainia nabarmendu behar dira: Amaia Elizaran & Neonymus, Lasala konpainia eta Komorebi Produkzioak, hain zuzen ere. Karrikan plataformaren 2024ko sorkuntza laguntza jaso du Komorebik, eta doluari buruzko Argilunak ikuskizuna eskainiko du estreinako egunean. Amaia Elizaran dantzariak eta Neonymus musikariak osatutako bikoak, berriz, inprobisazioari bide ematen dion Iraun pieza intimoa plazaratuko dute. Lasala konpainiak, azkenik, estetikaren inguruan hausnartuko du Burnt piezarekin.

Beste bi ikuskizunak, berriz, Estefania de Paz Asin artista nafarraren Olvido Flores. Las maravillas de Jupiter eta Mama Crea konpainiaren Desiderata izango dira. Estefania de Paz Asinek karabana baten barruan eskainiko ditu bere emanaldiak; bi egunez egongo da karabana Santa Klarako eliza aurrean, eta, guztira, zortzi saio antolatu dituzte. Mama Crea konpainiaren proposamena, bestalde, Santa Klaran muntatuko duten instalazio bat izango da.

Komedia mugagabea

Katalunia aldetik hiru talde etorriko dira Zarauzko jaialdira. Horietako bik antzerki komiko mutua izango dute ardatz: Cris Clown konpainiak Home eskainiko du, etxe bateko gorabeherak kontatuz, eta Guillem Albak eskuekin kontatuko du bere istorioa Ma Solitud obran. Azken egunean, Always Drinking Marching Band talde katalana izango da jaialdiari amaiera emateaz arduratu dena.

Aurtengo zirku proposamena Suediatik eta Frantziatik etorriko dira. Soon Circus Companyren Gregarius lanak akrobazia eta komedia uztartzean ditu, eta Cie. Barolosoloren Haute-heure izenekoak pertsonaia zoro bezain magiko batzuen mundua. Belgikako Pikz Palace konpainiak Bougherie Bacul harategi xelebrea erakutsiko dio publikoari.

Aurtengo jaialdiko bi emankizunek edukiera mugatu izango dute: alde batetik, Olvido Flores. Las maravillas de Jupiter izenekoak eta, bestetik, Ma Solitud obrak. Lehenengorako zortzi saio antolatu dituzte eta bigarrengorako bi emanaldi, eta horietako bat gozatu nahi duenak gonbidapena jaso beharko du emanaldi hasi baino ordubete lehenago.

EGITARAUA

Uztailak 3, osteguna

  • 18:30, 19:30, 20:30 eta 21:30. Olvido Flores. Las Maravillas de Júpiter, Estefania De Paz Asin (EH), Santa Klarako elizaurrean. Gonbidapenak ordubete lehenago.
  • 19:00. Home, Cris Clown (Katalunia, Villa Manuelan.
  • 20:00 eta 21:30. Ma Solitud, Guillem Alba (Katalunia), Santa Klaran. Gonbidapenak ordubete lehenago.
  • 22:00. Argilunak, Komorebi Produkzioak (EH), Frontoi Txikin.

Uztailak 4, ostirala

  • 18:30, 19:30, 20:30 eta 21:30. Olvido Flores. Las Maravillas de Júpiter, Estefania De Paz Asin (EH), Santa Klarako elizaurrean. Gonbidapenak ordubete lehenago.
  • 19:00. Desiderata, Mama Crea (EH), Santa Klaran.
  • 21:00. Iraun, Amaia Elizaran & Neonymus (EH), Frontoi Txikin.
  • 22:00. Gregarious, Soon Circus Company (Suedia), Munoan.

Uztailak 5, ostirala

  • 19:00 eta 20:30. Boucherie Bacul, Pikz Palace (Belgika), Santa Klara patioan.
  • 21:00. Burnt, Lasala (EH), Frontoi Txikin.
  • 20:00 eta 23:30. La calle es nuestra, Always Drinking Marching Band (Katalunia), kalez kale.
  • 22:00. Haute-Heure, Cie. Barolosolo (Frantzia), Munoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide