Sanpelaioak martxan, bihar Iñurritza auzoan

Aritz Mutiozabal 2025ko eka. 20a, 10:30

Sanpelaioak Martxan Iñurritzan, iaz. (Julene Sorarrain)

Festarako aukera zabala izango da gaur eta bihar Iñurritza auzoan. Bertso poteoa egingo dute gaur iluntzean; bihar, berriz, pilota txapelketa, txakolin dastaketa eta afaria egingo dituzte, besteak beste.

Sanpelaioak Zarauzko festa nagusiak dira, baina baita Iñurritza auzokoak ere. Jai egunak ekainaren 25etik 28ra badira ere, auzoan Sanpelaioak Martxan izeneko eguna ospatzen dute urtero atariko moduan, festak hasi baino larunbat bat lehenago. Beraz, bihar, izango da zer ospatua auzoan.

Goizean, 11:00etan, pilota txapelketa jokatuko dute frontoian, eta ondoren, Mendi Marrazki txokoa eta Apaxi ipuin kontalaria izango dira. Eguerdian, berriz, txakolin dastaketa, eta arratsaldean, 17:30ean, Jalgi dantza taldearen emanaldia; jarraian, Hamarru elektrotxaranga ibiliko da tabernaz taberna. Gauean, azkenik, kantu afaria egingo dute.

Gaur, berriz, bertso poteoa egingo dute, 20:00etan Etxaizetik abiatuta, Julen Zulaikarekin eta Iñigo Mantzizidor Mantxi-rekin.

Egitaraua:

  • 11:00. Pilota txapelketa.
  • 11:30. Iñurritzako zelaian, haurrentzako Mendi Marrazki Txokoa.
  • Ondoren, Iñurritzako zelaian, Apaxi ipuin kontalaria.
  • 12:30. Iñurritzako zelaian, txakolin dastaketa.
  • 17:30. Iñurritzako zelaian, Jalgi Dantza Taldearen emanaldia.
  • 18:30. Iñurritzan, Hamarru elektrotxaranga.
  • 22:00. Iñurritzan Kantu afaria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide