EH Bildu: "Zarauztarren hizkuntza eskubideak ez dira bermatu udarako udaltzainen kontratazioan"

Aritz Mutiozabal 2025ko eka. 21a, 10:00

Udaltzainen argazki bat. (Guka)

Koalizio subiranistak azaldu duenez, uda sasoirako hautatu dituzten hamabi udaltzainetatik bik betetzen dituztela euskararen ezagutza egiaztatzeko hizkuntza eskakizunak. Ez dela batere onargarria salatu du, gainera.

Uda sasoian Zarauzko Udaltzaingoa indartzeko hainbat kontratazio egin ditu aurtengoan ere Udal Gobernuak. EH Bilduk jakitera eman duenez, errefortzurako hautatu diren "hamabi udaltzainetatik soilik bik" betetzen dute euskararen ezagutza egiaztatzeko hizkuntza eskakizuna. Egoera horren aurrean, "herritarren hizkuntza eskubideak urratzen" direla salatu du.

Koalizioak gogoratu du Zarautz herri euskalduna dela, UEMAko udalerririk handiena, eta horregatik, "dituen baldintza soziolinguistikoengatik", Udalari hizkuntzaren kudeaketan "erreferente izatea" dagokiola iritzi dio. Gainera, ezinbestekotzat jotzen du udalak aspalditik landuak dituen hizkuntza irizpideak betetzea, "baita Herri Segurtasun sailean ere".

EH Bilduk are gehiago iritzi dio, eta adierazi du lehentasuna eman beharko litzaiekeela hizkuntza irizpideei herritarrekin harreman zuzena duten zerbitzuei. "Zarauztarren hizkuntza eskubideak babestu behar dira, eta aurten egindako udarako udaltzaingoen kontratazioan hori ez da bermatzen. Egoera honetan, zerbitzua euskaraz izatea ez da %100ean ziurtatzen".

Euskara aintzat hartu

Zentzu horretan, ez dela "inolaz ere onargarria" udako udaltzainen kontratazioarekin gertatutakoa ohartarazi du: "Honek argi erakusten du udal gobernuak hartu duen erabaki politikoa". Etorkizunean horrelako egoerak berriro errepika ez daitezen, "euskara aintzat hartuko duten kontratazio prozedura egokiak" martxan jartzea eskatzen du koalizioak. Horrek izan beharko lukeela udalerri euskaldun guztiek "hartu beharreko bide orria" gaineratu du, baita Zarautzen ere.

Bestalde, Zarauzko Udalak maiatzeko udalbatzarrean AROA euskararen marko estrategikoa onartu zutela oroitu du EH Bilduk, eta bertan, “euskararen normalizazioa agenda politikoa erdigunera ekartzea” eta “euskararen biziberritzearen aldeko lidergoa eta konpromisoa indartzea” zehazten direla. "Baina orain hartu den erabakia norabide horretatik kanpo dagoela deritzogu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide