ZKE Halterofiliak antolatuta, Zarautz Altxa saria jokatuko dute bihar Malekoian, Dama parean, eta etxeko taldeaz gain, CAR de Leon taldeko kirolariek parte hartuko dute. Zehazki, 11:30etik 19:00etara izango da kirol ekitaldia, eta hiru txandatan banatuko dira: gizonezkoak (11:30) emakumezkoak (16:00) eta mistoak (17:45), hain zuzen ere.
Hiru multzoak kontuan izanda, hogei halterofilo inguruk parte hartuko dute txapelketan, eta zerrenda horretan izango da kirolari entzutetsurik: Marcos Ruiz iazko munduko txapelduna 103 kilotako kategorian eta Naroa Arrasate Europako Txapelketan brontzea lortutakoa 64 kiloko kategorian, esaterako. Bi kirolari horiek eta ZKE Halterofiliako kirolari indartsuenak txanda mistoan lehiatuko dira.
Horrez aparte, ZKE Halterofilian dabiltzan gaztetxoek teknika agerraldia emango dute, ikasturtean zehar ikasitakoa jendaurrean erakutsiz.