Uda sasoian sartzearekin batera, udako ordutegia izango du Zarauzko hiribusak etzitik aurrera. Horrez aparte, Zarauzko Udalak jakitera eman duenez, aurten ere anezka zerbitzuaz gozatu ahal izango da herrian.
Hori horrela, urte osoan zehar martxan daude 1 eta 2 lineak udan zehar ohiko ordutegia mantenduko dute. 1 lineari dagokionez, udan zehar Zarauzko ikastetxeetara zerbitzua emateko beharrik dagoenez, Vista Alegre auzora igotzeko maiztasuna handituko da.
Horrez aparte, 3 eta 23 lineen zerbitzua 4 eta 24 lineek beteko dute. Izan ere, funtsean ibilbide bera egiten dute, baina 4 eta 24 lineak, uda garai honetan, goiko kanpinera igotzeko zerbitzua izango dute.
Anezka zerbitzua
"Aurreko urteetan izan duen harrera ona" ikusita, hirugarren urtez anezka zerbitzua eskainiko du Zarauzko Udalak. Herriko disuasio aparkalekuek ematen duten zerbitzua osatzeko izango da, eta, aurten, MUGI txartelaren bitartez ere ordaindu ahal izango dira joan-etorriak.
Iker Basurko Zarauzko Udaleko Mugikortasun zinegotziaren esanetan, anezka zerbitzuaren helburua da "herriaren erdialdean beharrezkoa ez den trafikoa saihestea". Anezka zerbitzuaren geralekuak gehitu dituzte, Euskotrenen bi geltokietan, autobus geltokian eta hegoaldeko aparkalekuan.
Hori horrela, aurtengo disuasio aparkalekuetako anezka zerbitzuak, Asti, autobus geltokia, Salberdin, hegoaldeko aparkalekua eta Nafarroa kaleko biribilgunea batuko ditu. 10:00etan hasiko da zerbitzua, eta 30 minutuko maiztasuna izango du.