Malen Monasterio halterofilo zarauztarrak marka guztiak hautsi ditu pasa den asteburuan, eta Espainiako urrezko hiru dominarekin heldu da etxera. 200 kirolari inguruk Espainiako Txapelketa Absolutua jokatu dute Zaragozan (Espainia), eta ZKE Halterofiliako kidea txapeldun izan da bertan.
53 kilo azpiko kategorian lehiatu da, eta Espainiako marka berria ezarri du abiadan 85 kilo altxa ondoren. Jasotze-altxatze modalitatean ere urrezko domina erdietsi du ZKE Halterofiliako gazteak 99 kilorekin.
Beraz, altxaldi guztien batura kontuan hartuta –abiadan eta jasotze-altxatzean–, 184 kilo jasotzea lortu du Monasteriok. Horrek sailkapeneko lehenengo postua eman dio, Andorrako Lucia Gonzalezek hamabi kilo gehiago altxata. Hirugarren postuan Andorrako Cristina Almendros geratu da, 170 kilo jaso ondoren.
Igandea arratsaldean, Zaragozatik bueltan, egindako balentria aitortzeko ongietorria egin zioten Monasteriori. Herrira heltzerako zain zituen familiako kideak zein lagunak, Salberdin inguruan, eta txalo artean jaso zuten zarauztarra.
Larunbatean Zarautzen
ZKE Halterofiliak antolatuta, Zarautz Altxa saria jokatuko dute larunbat honetan Malekoian, Dama parean, eta etxeko taldeaz gain, CAR de Leon taldeko kirolariek parte hartuko dute. Eguraldi txarra egingo balu, Aritzbatalde kiroldegira lekualdatuko lukete txapelketa.
Zehazki, 11:30etik 19:00etara izango da kirol ekitaldia, eta hiru txandatan banatuko dira: gizonezkoak (11:30) emakumezkoak (16:00) eta mistoak (17:45), hain zuzen ere.
Hiru multzoak kontuan izanda, hogei halterofilo inguruk parte hartuko dute txapelketan, eta zerrenda horretan izango da kirolari entzutetsurik: Marcos Ruiz iazko munduko txapelduna 103 kilotako kategorian eta Naroa Arrasate Europako Txapelketan brontzea lortutakoa 64 kiloko kategorian, esaterako. Bi kirolari horiek eta ZKE Halterofiliako kirolari indartsuenak txanda mistoan lehiatuko dira.
Horrez aparte, ZKE Halterofilian dabiltzan gaztetxoek teknika agerraldia emango dute, ikasturtean zehar ikasitakoa jendaurrean erakutsiz.