Hirugarren mailara igotzea lortu zuen larunbatean ZKEko gizonezkoen lehen futbol taldeak, eta lorpena ospatzeko harrera egin zioten atzo arratsaldean udalean. Furgoneta desestali baten gainean iritsi ziren taldekideak Zigordia kaletik, musikarekin girotuta eta benetan animoso. Festa giro berarekin zain zeuden dozenaka herritar Lege Zaharren Enparantzan, ZKE Futboleko bufanda beltzak altxata eta txaloka. Egindako balentria aitortzeko momentua izan zen, egindako denboraldi bikaina elkarri eskertzekoa. Jokalariak eta zaleak bat egiteko ekitaldia, dudarik gabe.
Furgonetatik jaitsita, Xabier Txurruka alkatearen eta udaleko zenbait zinegotziren zorion hitz jaso zituzten taldekide guztiek udaletxera igotzerakoak. Erakinera igo bezain pronto, martxoan zendu zen harrobiko jokalari Beñat Sarastiren 9 zenbakidun elastikoa jarri zuten balkoian. Aitor Andreano kapitaina izan zen hitza hartzen lehena, eta taldekide guztien izenean eskerrak eman zieten beti ondoan izan dituztenei, denboraldi osoan zehar gainean izan direnei eta finalean ere babesa ematera joan ziren guztiei. Halaber, eskaintza berezia egin zion Beñati.
Jarraian , beste hainbat jokalarik hartu zuten mikrofonoa, batzuk lotsatiago eta beste batzuk ausartago. Zelai naturala mantentzeko eta hirugarren futbol zelaia egitearen aldarria ere egin zuen batek; bertso saiakera ere egin zuen besteak; eta Mikel Laboaren Txoriak txori ere abestu zuten elkarrekin. ZKE Futboleko presidente Mikel Aiartzabuenak eskerrak eman zieten Zarautz hirugarren mailara eraman duten jokalariei eta lantalde teknikoari, baina ez zuen ahaztu nahi izan lorpen honen guztiaren atzean urte askotako lana dagoela, eta aurreko batzordekideek egindako lana ere eskertu zuen. Xabier Txurruka alkateak ere zoriondu nahi izan zituen, eta kantuan jarri zituen zalean: "Bat, bi, hiru, lau!".
Azken mezu bat ere utzi nahi izan zuten ZKE futbol taldeko eta ataleko arduradunek. "Datorren denboraldian ere aurten izan dugun bultzada izaten jarraitu nahi dugu. Aupa Zarautz!"