Guillem Montiel eta Alanis Siffert, Zarauzko Triatloiko txapeldunak

Aritz Mutiozabal 2025ko eka. 14a, 21:15

Alanis Siffert txapelduna hilerrirako aldapa igotzen, zaleen animoek bultzatuta. (Aritz Mutiozabal)

Biak ala biak lehenak izan dira igeriketa, bizikleta eta korrikako probetan, eta nahiko erraz irabazi dute. Zarauztar onenaren saria Jokin Lizeagak eta Nahia Eizagirrek eskuratu dute. Eguraldi makurra eginagatik, herritarrek eta zaleek gogotik animatu dute.

Ikuskizuna bermatuta izan ohi da Zarauzko Triatloian. Aurten, faborito argirik gabe, inoizko lasterketarik irekiena aurreikusten zen, baina ia-ia hasieratik erabaki dira txapeldun berriak. Guillem Montielek eta Alanis Siffertek nahiko erraz irabazi dute, hiru probetan buru  joan ondoren. Helmugaratzea, ordea, ezberdina izan da bientzat: Montielek ziplo bukatu du lurrean, guztiak emanda, eta Siffertek, nahiz eta akituta, irribarre batekin, publikoa agurtzen.

Emakumezkoak izan dira lehenak Getariatik Zarautzera igerian abiatzen, eta Siffert izan da hondartzara iristen lehena; Alicia Teresa Ulatowska izan da bigarrena, 22 segundora. Ondorengo biak, Emile Morier eta Barbara Riveros, minutu eta 40 segundora ailegatu dira, eta jada, bi minutu eta 50 segundo atzerapenaren, bosgarren postuan, aurten erretiroa hartuko duen Judith Corachan.

Bizikleta saioari indartsu ekin dio Siffertek eta modu berean amaitu du, bigarrenari hiru minutuko aldea aterata. Bien bitartean, mugimendu dezente izan da ondoren zetozen lehiakideen artean: Marta Lagownik jarri da hirugarren postuan, korrika hasteko orduan, zazpi minutura; Marta Borbon laugarren; eta Ulatowska, berriz, bosgarren. Hiru horien artean 40 segundoren alde baino ez zegoen momentu horretan.

Azkenean, alde nabarmena baliatuz, Siffertek aise irabazi du bere lehen Zarauzko Triatloia, 04:03:21eko denborarekin. Ezusterik ez da izan atzeko beste bien artean: Morier iritsi da bigarren postuan Lege Zaharren Enparantzara (04:06:01), eta Lagowski hirugarren (04:10:10).

Gizonezkoetan, ez dira horren sakabanatuta iritsi igeriketa zeharkaldiar osatu ondoren: Guillem Montiel, Vicente Henandez, Martin Cando, Romaric Forques, Luis Miguel Velazquez eta Matteo Bringer aurretik ziren, esaterako. Bizikletako sektorean aldeak handitzen joan da Montiel, eta itxuraz igeriketan gertu zituen lehiakideak atzean utzita. Korrikaldiari ekin dionean, hiru minutu pasatxoko abantaila zeraman. Bigarren postuan abiatu da lasterka Leon Pauger, eta segundo batzuk geroago, hirugarren, Romaric Forques.

Korrikako 20 kilometroak luzeak eta gogorrak egiten dira, aurreko bi probak egin ondoren, eta Montieli ez zaizkio batere samurrak egin. Alde polita bazuen ere, aurkarien arnasa gertu antzematen zuen, bere esfortzuarekin batera. Egindako ahalegin guztiak bere fruitua eman dio, eta merezitako garaipena lortu du, 03:43:13ko denborarekin. Ezustea emanez, eta egundoko korrika saioa eginez, Vicente Hernandez helmugaratu da bigarren postuan, 39 segundora (03:43:52), eta Leon Paugerrek osatu du podiuma, hirugarren bukatuta (03:44:01).

Etxekoak, lehen aldiz

Zarauzko Triatloi Taldeko Jokin Lizeaga izan da zarauztarren artean bizkorrena gizonezkoetan. Guztiz hunkituta zeharkatu du helmuga, 04:07:09ko denbora eginez, eta minutu eta erdira iritsi den Iker Marquez taldekidearen zain geratu da balentria partekatzeko. Oso gustura agertu da lehen aldia duelako zarauztar onenaren saria lortzen, eta bere familia, lagunak eta gertuko guztiak izan dituela gogoan aitortu du. Emaskumezkoetan, berriz, Nik Tri Triatloi Elkarteko Nahia Eizagirre gaztea izan da lehena, 05:18:01eko denborarekin; honentzat ere lehen aldia izan da saria lortzen.

Euri langarra, zirimiria eta aterune txikiak. Inorentzat lagungarri ez den eguraldia egin du, ez irteera hartu duten 750 triatletentzat, ezta kirol ekitaldi klasiko hau bakan egiten duen zaleentzat ere. Baina Zarauzko Triatloiak badu xarma berezia, eta gaurkoan ere tinko eutsi dio bere esentziari: herritarrak izkina guztietan animatzen, zintzarriak dantzan, etxeko triatleta baten aurpegiekin egindako dozena bat kartel, pankarta eta kartel motibatzaileak, haurrak bostekoak ematen, Ongi etorri infernura! eta malda igotzen laguntzeko ehunka alproja, Kale Nagusian Super Mario Bros bideojokoaren bizitza extrak oparitzen ari zen asiarra... Beste urte batez, agerikoa izan da Zarautzek triatletekin batera gozatzen eta sufritzen duela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide