Zarauzko EH Bilduk jakitera eman duenez, EAJk eta PSE-EEk osatzen duen Udal Gobernuak Zarauzko Hirigintza Plan Orokorrean (ZHAPO) aldaketa bat proposatu du, Villa Elizabeth dagoen lursailean eraikigarritasuna handitzeko. "Udalak lursailaren jabeekin hitzarmen bat sinatu zuen, zeinetan Zubi-Ondoko jatetxearen ondoan dagoen eremuaren truke Villa Elizabeth dagoen partzelan gehiago eraikitzeko baimena emango die. Hitzarmena sinatu ondoren, Amenabarrek erosi du lursail hori, eta luxuzko hemezortzi etxebizitza eraiki nahi dituzte bertan", azaldu du koalizio subiranistak.
Hartutako erabakiaren kontra agertu da EH Bildu, "aldaketa horrek etxebizitzarekin dagoen larrialdiari ez diolako onurarik ekarriko, ez duelako onura publikorik ekarriko eta gutxi batzuei irabazi handiak utziko dizkielako, interes espekulatibo bati erantzunez".
Auzia Talaimendi eta Oriokorako bidea (N-634 errepidea) lotzen dituen biribilgunearen alboan kokatzen dela zehaztu du koalizioak, eta udalak trukean jasoko duen lur eremuak ingurumen babesa duela ekarri du gogora. EH Bilduren arabera, "lursail hori jasotzeak ez du inolako onura publikorik justifikatzen, are gehiago, zama bat gehiago izango du, hura zaindu eta mantendu behar delako". Halaber, uste du horrek ez diola "babesa handituko" sailari, ezta "onurarik ekarriko" herriari ere. Gainera, Villa Elizabethen eraikiko liratekeen etxebizitza denak pribatuak izango direla azpimarratu nahi izan du, "ez da etxebizitza tasaturik edo babesekorik izango.
ZHAPOaren aldaketari beste arrisku bat ere ikusten dio EH Bilduk; hau da, "inguruko lursail eta etxe jabeek Villa Elizabethekoen bide berdina segitzea, eta inguru hori etxebizitzaz jostea". Hori horrela, koalizioak iritzi dio Udal Gobernuaren eta Villa Elizabetheko jabeen arteko hitzarmenak ez diola inondik ere laguntzen etxebizitzarekin dagoen larrialdi egoerari. "Aitzitik, gutxi batzuk testuinguru hori baliatuta negozioa egitea dute xede, eta kezkagarria iruditzen zaigu udalak bide hori sustatzea, hiri eredu horrek zailtzen dielako bizitzeko toki bat izatea bertako herritarrei eta etxebizitza beharra dutenei".
Zubi-Ondo aurrean dagoen lur eremu zabala. (Aritz Mutiozabal)