Pedro Chicok jasoko du aurten San Pelaio makila

Aritz Mutiozabal 2025ko eka. 13a, 15:00

San Pelaio jaien aurkezpena, Musika Plazan. (Aritz Mutiozabal)

Zarauzko helduen danborradako ordezkariek Udaberri elkarteko kideari egingo diote aitortza sanpelaio bezperan. Aurten, gainera, hamabost talde ariko dira danborrak astintzen, Galtxagorri elkartea estreinakoz aterako baita, eta txarangen zuzeneko musika izango dute lagun, bozgorailuen ordez.

Atzo arratsaldean aurkeztu zuen Zarauzko Udalak aurtengo San Pelaio jaien egitaraua, Musika Plazan, haurren eta helduen danborradan parte hartuko duten ordezkariekin, eta jaietan atzera eta aurrera ibiliko diren Txirri, Mirri eta Txiribiton buruhandiekin. Aurtengo sanpelaio bezperako  banderaren igoerako gonbidatuak Jose Inazio Elias eta Joxe Miel Gastañares Legazpi txistulariak izango dira, baina ez dira ekitaldiko omendu bakarrak izango. Xabier Txurruka alkateak jakinarazi zuen danborradako ordezkariek Udaberri elkarteko Pedro Chicori emango diotela aurten San Pelaio makila, urte luzez egindako lana aitortzeko.

Aurtengoa 25. urteurrena izango da helduen danborrada estreinakoz irten zena. Halaxe gogoratu zuen Chico, nahiz eta jakin badakien ez dela 25. ekitaldia. Apur bat urduri dago egun handirako, baina beste elkarteen aldetik makila jasotzea "zoragarria" dela aitortu du: "Ez nuen sekula pentsatu niri emango zidatenik. Beraz, egundoko poza izan da niretzat". Udaberriko taldea 30 lagunek osatzen dute: "Eskerrak gazte jendea etorri zaigun. Normalean, hemeretzi gara taldean, eta gero kanpokoak gehitzen zaizkigu". Danborradako entseguak astearte eta ostegun arratsaldetan egiten dituzte, talde guztiek elkarrekin, Lizardi Institutu berriko patioan.

Zuzeneko musika, txaranga

Berritasunen artean, aurten konpainia batek gehiagok hartuko du parte gaueko danborradan: Galtxagorri elkarteak, hain zuzen ere. Beraz, aurrerantzean hamabost talde ariko dira danborrak eta barrikak astintzen. Horrez gain, azken urteetan ez bezala, bozgorailurik ez dutela erabiliko azaldu zuen alkateak: "Danborrada elkarteek txarangak izango dituzte lagun kalez kale". Igandea, Mauxitxa, Gauerdi eta Pasai izango dira aipatu txarangak, arratsaldean Haurren Agerraldian parte hartuko duten berberak.

Pedro Chico,Udaberri elkateko kidea San Pelaio banderarekin (Aritz Mutiozabal).

Bandera igo eta Pelaio, Pelaio ereserkia abestu ondoren, garai bateko ohitura berreskuratuko dute, txarangen laguntzarekin Lege Zaharren Enparantzatik Musika Plazara kalejira egitekoa, hain zuzen. Oxabi taldearen dantzaldia hasi bitartean, kioskoari bueltaka jai giroan murgiltzeko parada izango dute herritarrek txarangen erritmoan.

Haurren zein helduen danborradak zuzenean jarraitzeko aukera izango da Zarauzko Udalaren webgunearen bitartez.

Jaietako banderak

Ohiturari jarraiki, udalak jaietako zapi urdinak banatuko ditu aurten ere. Baina, aurten, pauso bat haratago eman du banderak ere enkargatu ditu herriko balkoi, etxe eta kaleak girotzeko. Guztira, hiru mila ale kaleratuko ditu, eta datorren astelehenetik, hilaren 16tik, aurrera eskuratu ahal izango dira Turismo Bulegoan, 09:30etik aurrera. Herritar bakoitzak gehienez ere bi bandera jaso ahal izango ditu, eta agortu arte banatuko dituzte.

Zapiei dagokienez, azken urteetan bezala, San Pelaio bezperako goizean jarriko dituzte eskuragarri Turismo Bulegoan. Edonola ere, udalak eskatu dute ahalegin bat egiteko aurreko urtekoak berrerabiltzeko, hartara, herritar guztiek zazpiak izan ditzaten.

EGITARAUA

Ekainak 21, larunbata. Sanpelaioak Martxan.

  • 11:00. Kaleko 2. Pilota Txapelketa, Iñurritzako frontoian.
  • 11:30. Haurrentzako Mendi Marrazki txokoa, Iñurritzako zelaian.
  • Ondoren, Apaxi ipuin kontalaria.
  • 12:30. Txakolin dastaketa, Iñurritzako zelaian.
  • 17:30. Jalgi dantza taldearen emanalia, Iñurritzako zelaian.
  • 18:30 Hamarru elektrotxaranga, tabernaz taberna, Iñurritzan.
  • 22:00. Kantu afaria, Iñurritzan.

Ekainak 25, asteazkena. San Pelaio bezpera.

  • 12:00. Udaletxea Suziriak eta txupinazoa, jaiei hasiera emateko. Udaletxeko balkoian, Alkateak makila emango dio Haurren Agerraldiko Danbor Nagusiari. Ondoren, erraldoi eta buruhandiekin kalejira, Igandea txarangarekin.
  • 18:30. Poteo girotua, DJ L. Krokodiloren eskutik, Iñurritzan.
  • 18:30. Haurren XLV. Agerraldiaren hasiera, Azken Portu, Iñurritza, Vista Alegre eta Itxasmendi auzoetatik, Igandea, Mauxitxa, Gauerdi eta Pasai txarangek lagunduta.
  • 20:00. Talde guztiak elkartu eta elkarrekin joko dute, Lege Zaharren Enparantzan.
  • 21:30. DJ Davila nerabeentzat, Lege Zaharren Enparantza.
  • 23:00 Danborrada, Mauxitxa, Gauerdi eta Pasai txarangek lagunduta.
  • 23:45. Danborradako ordezkariek San Pelaio Makila emango diote Pedro Chicori eta Zarauzko Udalak aitortza egingo die Jose Inazio Elias eta Joxe Miel Gastañares Legazpi txistulariei.
  • 00:00. Bandera igoera, txupinazoa eta Pelaioren ereserkia, Musika Bandak jota.
  • Ondoren, Kalejira Musika Plazara, Igandea txarangarekin.
  • 00:00. Bandera igoera eta txupinazoa, Iñurritzako zelaian. Ondoren, dantzaldia Bide Batez taldearekin.
  • Ondoren, DJ Davila, Lege Zaharren Enparantzan.
  • 00:15-02:00. Musika Plazan Puntu Morea: Eraso matxistarik gabeko egunak eta gauak.
  • 00:45. Oxabi taldearekin dantzaldia, Musika Plazan.
  • Aldi berean, danborrada herriko kaleetan.

Ekainak 26, osteguna. San Pelaio Eguna

  • 09:00. Diana trikitilari eta dultzaineroekin.
  • Aldi berean, Iñurritzan, diana txistulariekin.
  • 11:00. San Pelaio elizan, meza nagusia.
  • 11:30. Erraldoi eta Buruhandien Zarauzko VII. Topaketa, Lege Zaharren Enparantzan. Parte hartzaileak: Mendillorriko Erraldoi eta Kirikien Konpartsa, Pasaiko Erraldoi Konpartsa Elkartea eta Zarauzko Erraldoi eta Buruhandien Elkartea, Lizarrako dultzaineroak lagunduta.
  • 12:00. Erraldoi eta Buruhandien kalejira.
  • 12:30. Aurreskua, Iñurritzako zelaian.
  • 13:00. Zarauzko Musika Bandaren kontzertua.
  • 17:30. Kalejira Musika Plazatik Iñurritzara, Ustekabe txarangarekin, Zarautz'trik trikitilariekin eta Lizarrako dultzaineroekin.
  • 18:00. Gauargi dantzaldia taldearekin, Iñurritzan.
  • 20:00. Larrain-dantza herrikoia, Lizarrako dultzaineroekin, Iñurritzan.
  • 20:30. Kalejira, Musika Plazara itzulera.
  • 22:00 00:00. Puntu Morea, Musika Plazan.
  • 22:30. Muxutruk taldearekin dantzaldia, Musika Plazan.
  • 22:30. Erromeria Izer eta Alabierrekin erromeria, Iñurritzan.
  • 00:00-03:00. Alkohol kontsumoari lotutako arriskuak prebenitzeko eta murrizteko kanpaina, malekoian.

Ekainak 27, ostirala. San Pelaio bigarrena. Haur eta Gazteen Eguna.

  • 05:30. Baratxuri-zopa, Iñurritza Jai Batzordeak eskainita, Iñurritza elkartean.
  • 06:00. Oilasko biltzearen hasiera, Iñurritza elkartetik.
  • 11:00-14:00. Haurrentzako egurrezko jolasak, Frontoi Txikin.
  • 12:00. Lege Zaharren Enparantzatik hasita, erraldoi txikien kalejira, Imuntzo Trikitilari Eskolako trikitilariekin.
  • 13:30. Oilasko biltzearen amaiera, Iñurritzako zelaian.
  • 17:00. Gazte Gunea (12-18 urte), Salbatore Mitxelena ikastolan.
  • 17:30. Kalejira Musika Plazatik Iñurritzara, Sugarri txarangarekin, Zarautztrik trikitilariekin, eta buruhandi eta erraldoiekin.
  • Ondoren, haur parkea, Iñurritzan, eta apar festa, frontoian.
  • 18:30. Txikifesta, Iñurritzan.
  • 20:30. Musika Plaza kalejira.
  • 22:00. Disko festa Musika Plazan, DJ Oihan Vegarekin.
  • 22:30. Bertso jaialdia, Iñurritzako zelaian. Bertsolariak: Andoni Egaña, Aitor Sarriegi, Agin Laburu, Nerea Ibarzabal eta Maialen Lujanbio. Gai-jartzailea: Ion Zaldua.
  • Ondoren, erromeria Intxausti eta Larrañagarekin, Iñurritzan.

Ekainak 28, larunbata

  • 09:00. Diana Iñurritzan, txistulariekin.
  • 11:00. Meza, San Pelaio elizan.
  • Ondoren, Iñurritzako Jubilatuen Elkartean, hamaiketakoa auzoko jubilatuentzat, Iñurritza Jai Batzordeak eskainita.
  • 11:30. Haur jolasak, Iñurritzako zelaian.
  • 14:00. Gibel jana, oilasko biltzean parte hartu dutenentzat, Iñurritzan.
  • 19:00. Herri kirolak, Joseba Ostolaza harri eskolarekin, Iñurritzan.
  • 20:00. Parrillada, Iñurritzan, Auzoak Bizirik taldearen eskutik.
  • 22:00. Kontzertuak, Iñurritzako zelaian: Bikabi, Olloki eta Itzal.
  • 00:00. Banderaren beheratzea eta festen amaierako txupinazoa, Iñurritzako zelaian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide