Lehen mailako parte hartze handia izango du 37. Zarauzko Triatloiak

Aritz Mutiozabal 2025ko eka. 10a, 10:00

Astelehenean aurkeztu zuten 38. Zarauzko Triatloia. (Aritz Mutiozabal)

Larunbatean jokatuko da proba, eta, guztira, 750 triatleta lehiatuko dira. Betiko ibilbideari eutsi badiote ere, pare bat aldaketa txiki egin dituzte: obrak direla medio, Meagara iritsi baino lehen egingo dute itzulia txirrindularitzan, eta korrikako zirkuituan txertatu dute Salberdingo zatia.

Beste urte batez, triatloiaren hiriburu bihurtuko da Zarautz. Distantzia erdiko espezialista onenetakoak elkartuko dira larunbatean Trade Inn Zarauzko Triatloian, garaipena lortzeko itxaropenarekin, eta haiekin batera, Euskal Herriko eta Espainiako triatleta afizionatu ugari, bakoitza bere erronka betetze aldera. Guztira, 750 lagunek hartuko dute parte, –horietatik ehun dira emakumezkoak– eta Zarauzko Triatloi Elkartetik 52 izango dira lehiatuko diren triatletak. Getariako Malkorbe hondartzan hasiko da proba, 14:00etan, emakumeen irteerarekin, eta hamar minutu geroago, gizonak abiatuko dira.

Hainbat hilabetetako lanaren ostean, dena prest dagoela adierazi du Zarauzko Triatloi Elkarteko presidente Danel Larrañagak, "lasterketa zoragarri batez gozatzeko". Eguraldia lagun izango dute, eta jendea ikustera gerturatuko dela aurreikusten du. Lasterketari dagokionez, azken urteetako ibilbideari eutsi diote, baina pare bat aldaketa txiki egin dizkiote aurten. Alde batetik, txirrindularitzako zatian, Meagan obra batzuk daudenez, bigarren eta hirugarren igoeran, obra dauden tokian emango dute itzulia; beherakoan, errei berdinean bat ez egiteko partaideek. Bestetik, korrikako zirkuituari Salberdingo zatia txertatu diote; Bikote Mistoen Krosean funtzionatu zuela ikusirik hartu dute erabakia. Bestalde, Lege Zaharren Enparantzako helmugan pantaila erraldoia jarriko dute proba zuzenean jarraitzeko.

Larrañagaren esanetan, Zarauzko Triatloia bereizgarri egiten duen beste faktoreetako da sariak dira. Antolakuntzak 23.600 euro banatuko ditu sarietan sailkatutako bost onenen artean, gizonezkoetan zein emakumezkoetan: irabazleak 6.000 euro eta txapela jasoko ditu; bigarren sailkatuak, 3.000 euro; hirugarrenak, 1.500 euro; laugarrenak, 800 euro; eta bosgarrenak, 500 euro. Helmuga zeharkatzen duten Zarauzko lehen emakumeak eta gizonak ere beren saria izango dute.

Maila altua

Lehen mailako espezialistak lehiatuko dira aurten ere, eta inoiz baino irekiagoa egongo da podiumerako bidea, batik bat emakumezkoetan. Gizonezkoei dagokienez, honako hauek izango dira jarraitu beharrekoak: James Teagle, Jonathan Wayaffe, Thomas Navarro, Carlos Oliver, Fernando Zorrila, Guillem Rojas, Guillem Montiel, Gonzalo Fuentes, Haritz Garate eta Pello Osoro. Emakumezkoetan, berriz, ondorengoak: Marta Lagownik, Alanis Siffert, Elisabette Curridori, Emilie Morier, Justine Guerard, azken urtea izango duen Judith Corachan eta Ainhoa Murua.

Aurkezpen ekitaldian izan da Pello Osoro triatleta eibartarra, ohiko parte hartzailea Zarauzko Triatloian, eta beretzat igeriketako zatia da berezia. "Igerilari onak ez garenontzat exijentea da Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia. Polita da, zalantzarik gabe, baina distantzia laburragoetara nago ohituta", aitortu du. Zentzu horretan, bizikleta zaleagoa dela dio, eta bere iritziz, duela urte batzuk txirrindularitzan egindako aldaketarekin asmatu egin du antolakuntzak: "Aiako aldapa ere gustuko nuen, baina honek herritarrak biltzen ditu, eta horrek gertutik ikusteko aukera ematen die". Aipatu maldak bat baino gehiago "beldurtzen" badu ere, amaierako korrikaldia laua dela nabarmendu du, eta jende ugari egoten dela animatzen.

Osororen helburua ahalik eta ondoen aritzea da, aurreko postuetan. Dena dena, "Zarautz beti izaten da maila altuko lasterketa bat eta aurten puntutxo bat gorago egongo dela iruditzen zait, lehiarako jende asko baitator. Dena dela, saiatuko naiz igerian denbora gutxi galdetzen, eta ahal dudan posturik onena lortzen helmugan", aditzera eman du.

Eskerrak Felix Zubiari

Herritarrek Zarauzko Triatloia egutegian ongi zehaztuta dutela esanez ekin dio hitza hartzeari Xabier Txurruka alkateak. Ekaineko kirol hitzordu nagusiena dela iradoki du, eta bereizgarri egiten dituen hamaika arrazoi eman ditu, herrian sortzen den girotik hasita. Triatloiak 1987tik gaur egunera arte izan duen bilakaera goratu du Txurrukak, eta Zarauzko Triatloi Elkarteak azken urteetan eman dion bultzada aitortu du. Horrez gain, abagunea baliatu du Felix Zubiari eta bere lantalde osoari eskerrak emateko, "hamarkada hauetan triatloian egindako lanagatik".

Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo diputatuak adierazi duenez, probak 750 partaide izatea albiste bikaina dela, eta kirolari ez ezik, turismoari ere "ekarpena" egiten diola. "Gutxienez, bi egun igaroko dute hemen, eta horrek eragina izango du gure ostalaritzan eta merkataritzan", zehaztu du. Hala, kirol turismoak duen garrantzia azpimarratu du. Bide batez, jendeari larunbatean garraio publikoa erabiltzeko deia egin dio, "jasangarritasuna bultzatzeko".

Larrañagak azpimarratu du Zarauzko Triatloiak bi euskarri nagusi dituela, proba posible egiten dutenak: bata, urtero laguntzeko prest dauden boluntarioak –400 lagunez osatutako sarea–, eta, bestea, babes ekonomikoa ematen duten erakunde publikoak eta enpresa pribatuak; horien artean, Zarauzko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide