Hasi dituzte Zarauzko saihesbidea eraikitzeko lanak, eta obraren inguruko xehetasunak emateko, agerraldia egin dute gaur, asteazkena, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak, Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuak eta Xabier Txurruka Zarauzko alkateak Frantsesbidearen inguruan. Izan ere, bertan hasi dituzte azpiegitura berria eraikitzeko lanak.
Mendozak aipatu du "oso pozik" daudela lanak abiarazi izanarekin, eta "elkarlan sendoaren ondorio" dela azpiegituraren eraikuntza. Saihesbidearen helburuak gogorarazi ditu, bestetik: N-634 errepidearen trafikoa arintzea, ibilgailuen joan-etorriaren zati bat herritik aterata; eta industrialdeetarako sarbideak hobetzea, "antolaketa erosoagoa" eskainiz inguru guztiari. Diputatuak jakinarazi du, bestalde, obrek 10.155.583 euroko aurrekontua dutela, eta Altuna y Uria eta Amenabar eraikuntza enpresek 18 hilabeteko exekuzio epea dutela azpiegitura osatzeko.
Zarauztarren onurez harago, inpaktu positiboa izango dute lanek Mendozaren ustez Urola Kostako trafiko mugimenduetan ere: "Lurralde orekarako eta eskualdeko gidari guztien segurtasun eta erosotasunerako obra garrantzitsua izango da, eta eskualdeko ekonomiaren eta industriaren lehiakortasunari ere ekarpena egingo dio".
Zarauzko herriaren izenean mintzatu zaie Txurruka Aldundiari eta diputatu nagusiari, eta esker ona adierazi die. Haren hitzetan, "urteetan egindako lanak fruitua eman du", eta "aurrerapauso garrantzitsua" izango da herriarentzat saihesbidea eraikitzea, bai mugikortasunarentzako, eta baita herriko industriaren lehiakortasuna hobetzeko ere.
Hirigunera eta industrialdeetara
Azpiegitura berriak bi errei izango ditu (noranzko bakoitzean bat), eta 1.560 metroko luzera, Astiko biribilgunetik (AP-8 irteera) hasi eta Frantsesbidea kalearekin bat egiten duen arte. Bide berria Astiko egungo biribilgunean hasiko da, adar berriari lekua emateko egokituko dena, eta, hortik, adar berri hori Bidegiko instalazioen atzetik igaroko da, bi noranzkorekin, eta autobidea zeharkatuko du, Sarobeaundiraino. Bertan, biribilgune berri bat eraikiko da, eta han AP-8 autobideko irteera-trafikoek bat egingo dute, mendebaldetik (Bilbo) datozenak.
Bideak Buztinzuriko biribilguneraino jarraituko du, eta bertan adarretako batek saihesbidea eta Zarauzko hirigunea lotuko ditu, egungo autobide azpiko pasabidetik. Bidea 'T' formako bidegurutze batean amaituko da, Frantsesbidearen parean, eta bertan bigarren konexio bat izango du hirigunearekin eta Errotaberri eta Abendaño industrialdeekin. Horrela, Zarautzen trafikoen banaketa hobetzea lortuko da, batez ere industrialdeetan jatorria edo helmuga duten ibilgailu astunei dagokienez.