2021ean AP8 autobideko bidesariak berritu ostean, Zarautz ekialdekoak berrituko ditu orain Bidegik. Hain zuzen ere, Zarauztik Donostiara joan eta handik herrira etortzeko erabiltzen diren ordainlekuak dira orain berrituko dituztenak. Hala adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta helburua izango da "funtzionamendu autonomoa ahalbidetuko duten kobrantza sistema berriak ezartzea". Guztira, 3.354.100 euroko (BEZ gabe) aurrekontua izango du proiektuak, eta 13 hilabete eta bi asteko epean amaitu beharko ditu lanak obra lizitazioa lortzen duen enpresak. Gainera, markesinak eta egungo bideak eraistea aurreikusten du aldundiak, horiek arkupe berriekin ordezkatzeko, bakoitzean sei bide izango dituztenak -horietako bi itzulgarriak izango dira-.
Irune Berasaluze aldundiko bozeramaileak azaldu duenez, “ordainlekuak guztiz operatiboak" direnez, hainbat fasetan egingo dituzte obrak, zirkulazioa ez mozteko. Edonola ere, itxiera puntualak behar izanez gero, horiek gaueko ordutegian egingo dituztela gehitu du. Horretaz gain, ordainleku berriak "prest" egongo dira bide dinamiko gisa jarduteko, hau da, Via-T edo Abiatu bezalako TAG gailu bateragarriak irakurtzeko ahalmena izango dute "ibilgailuak erabat gelditu gabe igarotzea ahalbidetuz".
Era berean, arreta gabeko bide automatiko gisa prestatuta egongo dira, bai TAGarekin ordaintzeko, baita beste modu batzuetara ere: telefono mugikorrarekin, erloju adimendunarekin, banku txartelarekin edota eskudiruarekin. “Horretarako, bidesariek matrikula irakurtzeko kamerak eta bereizmen handiko inguruetako kamerak izango dituzte, autobidera sartzen edo irteten den ibilgailu mota zehazteko, baita ordainketa mota guztietarako makina automatikoak eta urruneko komunikazio mekanismoak ere. Berrikuntza horrek trafikoa arintzea eta bidesariak ordaintzeko erosotasuna ekarriko du”, gaineratu du Berasaluzek.