Lau hilabete eta erdi igaro dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolarekin izandako zenbait jarrera eta jokabide "onartezintzat” jo zituztenetik, tartean 140.000 euroko isuna ezarri izana.
Gaur arratsaldean, ordea, Zarauzko ikastolako ordezkariak duela lau hilabete eta erdi irekitako prozesua ixteko asmoarekin bildu dira, batetik ibilbidean zehar jasotako laguntza eskertuz, eta bestetik, hezkuntza arloan "urrats kualitatiboak emateko beharra berriz ere mahai gainean jarriz". Bertan izan dira Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Inhar Agirrezabal Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolako lehendakaria, Ainhoa Agirrezaldegi eta Iratxe Esnaola gurasoak, eta Olatz Zubimendi Zarauzko ikastolako zuzendaria.
Egoeraren larritasuna ukatu gabe, ikastolako ordezkariak "lasai" agertu ziren prozesuaren hasieran, zortzi familiak matrikulatzerakoan hartu zuten erabakiarekin. Hezkuntza Sailak "diruz zigortu" zituzten arren, komunitateak egoerari aurre egiten jakin duela azpimarratu dute, baita komunitatea bera prozesutik "indartuta" atera omen dela ere.
Lau hilabete atzera
Iazko ikasturteari erreparatuz, Hekuntza Sailak "bi lerrora" mugatu zuen Zarauzko ikastolaren HH2 mailako matrikulazioa. "Ez zegoen erabaki hori justifikatzeko arrazoirik. Are gutxiago, ikasturte horretan matrikulatzeko adinean zeuden haurren kopurua hazi egin zenean", esan dute ordezkariek. Izan ere, Zarautzen jaiotza tasa igotzen ari dela, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak horri "muzin egin", eta lerroen esleipenean doikuntzarik aplikatu ez izana azpimarratu dituzte.
Matrikulazio garaia iristerako, HH2ko hiru lerro behar zituzten, indarrean zeuden ratioetan oinarrituta. Egoera horren aurrean, Hezkuntza Sailak kanporatutako familiek "ikastolako komunitatearen parte izateko nahia" berretsi zutela jakinarazi dute, eta zenbait bileren ostean, eta Ikastolen Elkartearen babesarekin, Zarauzko ikastolako komunitateak eta berau osatzen duten 544 familiek erabaki zuten "ateak zabaltzea" proiektuaren eta komunitatearen parte izan nahi zuen orori.
2024-2025 ikasturterako matrikulazioan bigarren saiakera bat egin zuten familia horiek, eta kasu hartan 55 izan beharrean, 58 izan ziren Zarauzko ikastola hautatu zutenak. Beste bizpahiruk, aldiz, ikastola hautatuko zutela adierazi zuten, "matrikulazio murrizketaren gatazka zabalik egon izan ez balitz".
Hori horrela, azken bi ikasturteetan langile, guraso eta haurrentzat gogorrak izan diren "hainbat ikuskaritza bizi" partekatu dituzte, izan ere, "miatuak, zelatatuak eta erregistratuak" sentitu dira. Duela lau hilabete eta erdi, Ikastolak Hezkuntza Sailaren "boterekeria" eta ezarritako 140.000 euroko isunaren "izaera bidegabea" salatu zituen. Ikastolaren ustetan, isunak ez du "sakoneko eta egiturazko hezkuntzaren arazoen konponbidean inongo ekarpenik egin". Isunaren atzean dagoen dekretuak, duela hiru urtetatik Hezkuntza Sailaren matrikulazio prozesua arautzen duenak, ez du balio izan "segregazioa desagerrarazteko".
Egoera horren harira, Ikastolen proiektuak Euskal Herria "bere osotasunean" ulertzen duela azpimarratu dute: "Euskara eta euskal kultura herri oso baten ardatz gisa ulertzen dituen proiektua da gurea". Hori agerian geratu dela diote, isunari aurre egiteko duela lau hilabete eta erdi abiatu zuten prozesu komunitarioarekin: "Bagenekien ez geundela bakarrik. Bagenekien elkartasuna ikastolen komunitatearen erraietan dagoen balore bat dela. Elkartasunetik eta lankidetzatik, euskara, euskal kultura eta Euskal Herriaren aldeko konpromisotik jaio zirelako ikastolak”.
Komunitatea "aktibatuz"
Isunari aurre egitea helburu hartuta, lehenik Zarauzko ikastolako komunitatea "aktibatu" zuten, besteak beste ideiak sortuz eta lantaldeak osatuz. Bestalde, diru bilketa kanpainari "hasiera indartsua" eman zitzaion ikastolako langileek eta langile ohiek egindako ekarpen ekonomikoarekin. Ondoren, gainontzeko ekarpen ekonomikoak jaso zituzten lehengo eta oraingo ikastolako familien, lagunen, herriko dendarien, jatetxeen eta bestelakoen eskutik. Hori ez ezik, hainbat jarduera ere antolatu ziren ikastolari babesa erakusteko asmoarekin, hala nola Santa eskea, zinema emanaldiak, korrika lasterketa edota eskalada eguna.
Herritik haratagoko ikastolen komunitateek ere parte-hartze nabaria izan dutela gogorarazi dute ordezkariek, eta beste herrietako ikastolen ekarpenak zerrendatu eta eskertu dituzte. "Eskerrik asko bihotz-bihotzez lau hilabete hauetan, modu batean zein bestean, elkartasuna adierazi diguzuen norbanakoei, elkarteei, erakundeei eta enpresei. Eta eskerrik asko bihotz-bihotzez babestu gaituzuen ikastoletako kide guztiei".
Amaitzeko, Zarauzko ikastolak jakinarazi du isuna ordaindu ondoren geratu zaizkien ia 10.000 euroak Ikastolen Elkarteko elkartasun kutxara bideratuko dituela, "bertatik premia handiena duten ikastolei laguntzeko".