Lurrez eta itsasoz, hegazkinik hartu gabe, Zarauztik Japoniara. Egundoko erronka da, hizki larriekin, baina ez dirudi ezinezkoa. Ez, behintzat, Eneko Azkuerentzat. Joan den astean ekin zion bideari, maiatzaren 20an, eta handik bi egunetara Alpeetako paraje ederretan zebilen. Igandean, Italiarekin, Austriarekin eta Esloveniarekin muga egiten duen Horno mendiko Trifinium monumentutik bidali zuen argazkia, bidaiarako espresuki eraman zuen ikurrina luze zabalduta. Atzo, berriz, Kroaziako mendietan zihoan zeharkaldian.
Japonian jarri du helmuga, kontinentea bukatu eta Ozeano Barea hasten den herrialdean, eta azaroan irits daitekeela aurreikusten du. Guztira, 20.000 kilometro inguru daude Zarauztik Japoniara, eta ibilbidea zehaztuta dauka, nahiz eta ez dakien egunerokoak nora eramango duen. Aditzera eman duenez, gainera, bere abentura ez da bukatuko eguzkia ateratzen den herrialdean; jarraian, Australiara abiatuko da, bertan lan egin eta beste urtebetez bizitzeko asmoarekin. Azkuek aitortu du herrialde guztiek dutela beren berezitasuna, baina bidaia honetan Mongolia deskubritzeko aparteko irrika du.
Buruan iltzatuta
Beste bidaia batean ezagututako abenturazale frantses baten ideian oinarritu da zarauztarra erronkari heltzeko orduan. Australian bizi zela, Japoniara joan zen hilabetez oporretara, eta Osakako hotelean Frantziako mutil bat ezagutu zuen. Hark kontatu zion lau hilabetetan bere herritik Japoniara iritsi zela, Azkue egiten ari den modu berean. "Horrek asko markatu ninduen, egia esan. Txikitatik asko gustatu zait geografia, eta interesa piztu zitzaidan ea zein herrialdetatik igaro zen eta ibilbideak nola diseinatu zituen jakiteko". Buruan iltzatuta geratu zitzaion haren esperientzia, eta ordutik ideia bat bueltaka izan du etengabe: "Nik ere egingo dut!".
"Oinez, autobusez, itsasontziz eta ahal dudan gehienetan auto-stop eginez egiten dut aurrera. Azkenean, auto-stop eginda, jende asko ezagutzen duzu, tokian tokiko herritarrak, eta zorteko bazara, beren etxeetako ateak zabaltzen dizkizute. Modu horretan, bertako familia bat ezagutzen duzu, haien egunerokoa zein kultura, eta esperientzia hori da niri gehien interesatzen zaidana", adierazi du Azkuek.
Abenturan zehar bizitzen ari den guztia bideoz eta irudietan jasotzen ari da, eta bere Instagram kontuan ari da sarri samar irudi horiek argitaratzen, gertukoek eta lagunek nondik eta zertan dabilen jakin dezaten. "Naturazale amorratua naiz, eta ikusi izan dut jendea astakeriak egiten, baina bakoitzak bere intereseko gauzak zabaldu ohi ditu sarean. Nik natura erakutsi nahi dut, eta, batez ere, bisitatuko ditudan herrialdeetan ez duzula zertan beldurrik izan zabaldu nahi dut. Askotan esaten digute arriskua topa dezakegula atzerrian. Ni 24 herrialdetan izan naiz, eta erakutsi nahi dut kanpoan ere toki eta jende zoragarria dagoela".
Beste kultura zein ohitura batzuk ezagutu dituela nabarmendu du, mendebaldeko begientzat arrotzak eta ulergaitzak direnak, baina ikuspegia zabaldu behar dela, ez dagoelako inolako mehatxurik. Munduan zehar topatzen dituen herritarren gizatasuna eta anaitasuna baloratzekoak direla dio: "Tratua ezberdina izaten da Italian edo Turkian, adibidez. Gu ohituta gaude erosotasunera, eta kalean euria ari badu eta norbait bustitzen ari bada, ez dugu gonbidatuko autora mela-mela eginda utziko digulako. Beste herrialde batean, aldiz, itsu-itsuan hartu eta etxera eramango dute, ez baitute kale bazterrean utziko. Herrialdearen arabera, bakoitzaren lehentasunak zeintzuk diren ere ezagutu nahi dut".
Ulertzea kostatu
Hiru urte daramatza mundu osotik bidaiatzen, eta, egia esan, "jendeari asko kostatzen" zaio egiten duena ulertzea. "Batzuek inbidia ematen diedala esaten didate, baina beste batzuei, aldiz, ez zaie buruan sartzen nola bizi naitekeen modu honetan, edo nondik lortzen dudan dirua bidaiatzeko. Nire gurasoei-eta kostatu egiten zaie barneratzea nolatan jarraitzen dudan bizimodu honekin eta ez naizen herrian finkatzen", kontatu du naturazaleak. Euskal Herrian oraindik ere "pentsamolde atzerakoia" dagoela iritzi dio: "Kanpora joatea denbora galtzea dela uste dute. Horregatik, herrira itzultzean, jendeak galdetzen dit ea geratzeko al natorren".
Dudarik gabe, abenturazale sutsua da Azkue. Halaber, "adiktiboa" dela gaineratu du, eta "oso espirituala". Halako gauzetan ez zuela apenas sinesten aitortu du, baina bakarkako horrelako ibilbide luzeek norbere burua hobeto ezagutzeko aukera eskaintzen dutela.