Aho batez onartu dute 2025-2034 eperako Euskararen Plan Estrategikoa

Intza Trula 2025ko mai. 30a, 10:00

Maiatzeko osoko bilkura, atzo, udaletxeko pleno aretoan. (Intza Trula)

Maiatzeko osoko bilkura egin zuten atzo arratsaldean udaletxeko pleno aretoan. Euskararen inguruko plana aztertu eta onartzeaz aparte, PSE-EEk eta EAJk Gazako egoeraren aurrean aurkeztutako mozioa eta 2025-2026 epealdiko plan ekonomiko finantzarioa ere onartu zituzten.

Maiatzeko azken astea izanik, ohiko osoko bilkura egin zuten atzo arratsaldean udalbatzar aretoan. Bertan, zenbait kreditu aldaketen berri emateaz aparte, hiru puntu nagusi onartu zituzten; horien artean, Aroa. 2025-2034 eperako Euskararen Plan Estrategikoari argi berdea eman zioten. Arratsaldeko 11. puntua izan zen, eta aho batez onartu zuten.

Bozketa egin aurretik, Irune Urbieta Zarauzko Udaleko Euskara zinegotziak hartu zuen hitza. Berak argitu zuen planaren helburua dela herrian euskara "indarberritzea". "Zarauzko herriari datozen hamar urteetarako norabide bat eskaini nahi diogu, euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko", gehitu zuen. Euskara komunikazio tresna bat baino gehiago dela esaten jarraitu zuen Urbietak: "Identitatearen eta kohesio sozialaren zutabe nagusi gisa ulertzen dugu". Hala, planaren oinarriak zeintzuk diren zehaztu zuen: esaterako, hizkuntza ekologia, identitatea, pertenentzia, bizikidetza eta kohesioa aipatu zituen.

Halaber, Urbietak argitu zuen Euskararen Plan Estrategikoak lau erronka nagusi identifikatu dituela Zarauzko herriari dagozkionak: lehenengoa, herritar guztiak inplikatzea euskararen biziberritzean; bigarrena, euskarazko eskaintza eta erabilera sustatzea herrian; hirugarrena, zarauztarrek euskararekiko jarrera aktiboa izatea, eta, laugarrena, euskararen ulermena unibertsala izatea hizkuntza erabiltzeko dauden aukerak biderka daitezen. Zinegotziaren esanetan, lau arlo horietan lan egingo du aurrerantzean udalak.

Gainera, planaren osaketa "oso parte hartzailea" izan dela ere esan zuen Euskara zinegotziak. Plana osatu aurretik, egoera soziolinguistikoaren plan bat egin zuen udalak, kuantitatiboa zein kualitatiboa. Herritarrekin bilerak egin zituzten, eta beraiek ere planaren osaketan parte har zezaten, zenbait galdetegi pasa zizkieten; orotara, 950 herritarrek erantzun dituzte galderak –horietatik 800 gazteak izan dira–. Herriko elkarte eta erakundeekin elkarrizketa saioak ere egin dituzte, eta guztien ekarpenak baliatu dituzte plana idazterako orduan.

Urbietaren azalpenen ostean, PSE-EEko zinegotzi Gloria Vazquezek eskatu zuen hitza. "Oro har" planarekin ados daudela zioen berak: "Ondo deritzogu euskaraz ez dakiten eta ikasi nahi duten herritarrei horretarako aukera ematea".

Alabaina, zenbait zehaztapen egin nahi izan zituen Vazquezek. Izan ere, Zarautz euskaraz gehien hitz egiten den udalerrietako bat dela aipatu zuen berak, eta hori zaintzeko beharrean egin zuen azpimarra. Hala eta guztiz ere, hori guztia "inposaketarik gabe eta presiorik gabe" egin behar dela zioen, "ez baita lortuko euskararen erabilera hedatzea herritarrak presiopean sentitzen badira, horrek aurkako efektua sortzen baitu". Herrian antolatzen diren ekintzetan bi hizkuntzak –euskara eta gaztelania– erabil daitezen ere eskatu zuen, "bestela herritarren zati bat kanpoan geratzen da eta".

EH Bilduko zinegotzi Eider Gurrutxagak ere alderdiaren adostasuna erakutsi zuen Euskararen Planaren aurrean. "Ondo osatutako plan bat dela uste dugu". Erronkak ondo definituta daudela iritzi zioen berak, eta horiek bat doazela Zarauzko errealitatearekin.

Herriko datuak kontuan izanik, arreta eskatzen duten lau puntu jarri zituen mahai gainean Gurrutxagak: euskara lehen hizkuntza duten herritarren ehunekoa jaisten ari dela, etxeko erabilera beheraka doala, herritarrei igorritako galdetegietan beraien pertzepzioa zela kale erabilera jaisten ari dela, eta beraien ustez euskararen erabilera jaisten ari dela helduetan eta arlo sozioekonomikoan.

Bozkatu aurretik, euskararen normalizazioa agenda politikoaren erdigunera ekartzearekin eta euskararen biziberritzearen konpromisoarekin "bat ez datozen" bi puntu ekarri zituen gogora EH Bilduko zinegotziak. EAJko udal taldeari zuzendu zitzaion, ondorengoa esateko: "UEMAko aurrekontuen aurka bozkatu zenuten, eta Gukari 2025eko aurrekontua erdira jaistea erabaki duzue".

Gazako egoeraren inguruko mozioa

Gazako egoeraren aurrean PSE-EEren eta EAJren udal taldeek aurkeztutako mozioa ere onartu zuten atzoko bilkuran. 12. eta azken puntua izan zen honakoa, eta hau ere aho batez onartu zuten.

Inaxio Illarramendi PSE-EEko bozeramaileak eman zituen mozioaren inguruko xehetasunak. Berak esan zuen moduan, Israelek Gazako herriaren aurka egindako erosoek "dozenaka eta milaka familia suntsitu eta desagerrarazi dituzte, baita bizitegiak ere". "Aurrekaririk gabeko hondamendi humanitarioa" bezala deskribatu zuen egoera.

Hori horrela, Zarauzko Udalak "gizarteak oihuka eskatzen duena" eskatzen duela esan zuen Illarramendik: "Hamasek 2023ko urriaren 7an egindako eraso bortitza gaitzetsi nahi dugu, eta Israelek Gazaren aurka egindako genozidioa irmoki salatu". Horrez aparte, berehalako su eten iraunkorra, indar militarrak eremu okupatuetatik alde egitea eta nazioarteko ebazpenak eta giza eskubideak erabat errespetatzea ere eskatu zuen zinegotziak.

Hori hala, ondoren Ameriketako Estatu Batuei zuzendu zitzaion PSE-EEko bozeramailea: "Gertakarien larritasunaren aurrean, Israelekin duen akordio komertzial-politikoa berrikusteko eskatzen diogu Ameriketako Estatu Batuei". Halaber, Gazako zerrendan laguntza humanitarioa sartzeko "bide seguruak" berma ditzatela ere eskatu zuen, baita lurralde horren kontrako legez kanpoko blokeoak kentzea ere.

Ildo beretik, EAJko bozeramaile Garbiñe Oiarbidek bonbardaketak eta lurreko okupazio militarra geldiaraztea eskatu zuen. "Eusko Alderdi Jeltzalea bere jatorritik alderdi humanista da, beti egin dugu bide baketsu eta demokratikoaren aldeko hautua, eta horregatik gure elkartasuna adierazten diogu Palestinako herriari, hango biktima guztiei eta munduan zehar giza eskubideen urraketak jasaten dituzten guztiei. Inoren mina ez da urrunekoa eta Gazaren mina ere bada gure mina. Geldiarazi dezagun genozidioa".

EH Bilduk, bere aldetik, mozioaren puntu bakoitza banan-banan bozkatzea eskatu zuen. Ainara Landak azaldu zuen eskaera horren arrazoia: "Ados gaude mozioarekin, baina ez gaude ados lehen puntua gaur hona ekartzearekin". Une honetan "bi milioi pertsona gosez hiltzeko estrategia bat" dagoela esan zuen berak, eta, beraz, "ez da onargarria" puntu guztiak maila berean jartzea: "Une honetan Gazako genozidioa salatzeko unea da, urgentziaz gainera".

EAJren eta PSE-EEren udal taldeek ez zuten onartu puntu bakoitza aparte lantzea, eta bere osotasunean bozkatu zuten mozioa.

Plan Ekonomiko Finantzarioa aurrera

2025-2026 epealdiko Plan Ekonomiko Finantzarioa ere onartu zuten atzo arratsaldeko udalbatzarrean. Hirugarren puntu horrek, ordea, EAJren eta PSE-EE alderdien aldeko botoekin egin zuen aurrera; EH Bildu, aldiz, abstenitu egin zen.

EH Bilduko zinegotzi Ion Arozenak hartu zuen hitza landutako hirugarren puntu horretan. Berak azaldu zuenez, EH Bilduren iritziz, udal gobernuak daraman ibilbide ekonomikoa "ez dago batere orekatua". "Ez daude maila berean aurrekontua eta gastuak". Urte hauetan "gastu ikaragarriak" egin direla gehitu zuen Arozenak, eta horiek "ondo hausnartu gabeak" izan direla.

Udal Gobernuak hartutako norabide ekonomikoa "arriskutsua" da EH Bilduren ikuspuntutik, eta alderdiak onartezintzat jo zuen azken urteetako "diru xahutze etengabea". "Ez daukagun dirua erabiltzen ari zarete, eta diru horrek sortutako interesak herritarrek ordaindu beharko dituzte etorkizunean, eta datorren udal gobernuak kudeatu beharko du egoera", egin zuen azpimarra Arozenak.

Ekonomia arloko zinegotzi Iker Basurkoren esanetan, "ziklo ezberdinetatik igarotzen da udaletxea". Hori hala, batzuetan maileguak "desagertu arte" murriz ditzaketela zioen zinegotziak; beste batzuetan, aldiz, "inbertsio bat egiteko beharra" dagoela azpimarratu zuen, eta "maileguetatik tira". "Ohiko gauza bat da hori". Gainera, herrian egiten ari diren inbertsioak "buruarekin" pentsatutakoak direla ere gehitu zuen.

Santa Klara komentuaren afera

Hasiera batean, Santa Klara komentuaren birgaitze proiektuaren inguruan eztabaidatu behar zuten apirileko bilkuran, baina azken orduko erabaki baten ondorioz, gaia "mahai gainean" uztea erabaki zuen Zarauzko udal gobernuak. Atzo, maiatzeko udalbatzarrean, berriro ere hautsak harrotu zituen gaiak Zarauzko udaletxean.

Kreditu aldaketa bat zela eta hitz egin zuten Santa Klara komentuaren birgaitze proiektuaz, hain justu ere. Izan ere, proiektu berri baterako proposamena aurkeztu zuen udal gobernuak, aurreikusitako 24 milioi euroko proiektua albo batera utzita: 5,5 milioi euroko aurrekontua proposatu zuen atzo EAJk, zehazki. Horietatik hiru milioi Europako diru laguntzetatik jasoko lituzkete, eta gainerako 2,5 milioi euroak udalak jarri beharko lituzke. Hori hala, atzoko bilkuran, 1,4 milioiko kreditu aldaketa proposatu zuen udal gobernuak.

EH Bildu kreditu aldaketaren aurka agertu zen. Itziar Murua zinegotziaren arabera, alderdiarentzat "presaka hartutako erabaki bat" da. Zarautzentzat "proiektu erabakigarria" da Santa Klara komentuarena, eta EH Bilduren iritziz, horrek "kalitatezko prozesu bat merezi du". Gainera, Muruak gehitu zuen EAJk aurkeztutako proposamen berri honek "hutsuneak" dituela kudeaketari dagokionez. "Ezerk ez digu bermatzen Europako 3 milioi euro horiek jasoko ditugunik", zioen.

Oiarbideren hitzetan, arkitektoarekin egindako bileren arabera, "ziur" daude 5,5 milioi euro horiekin proposatutakoa betetzeko gai izango direla. Kreditu aldaketa zergatik egin duten ere argitu zuen EAJko bozeramaileak: "Kreditu aldaketak jendaurreko epe bat behar du, eta behin proiektua onartzen denean esleipena martxan jartzeko erabilgarri egotea behar dugu".

Santa Klara komentuaren birgaitze proiektuaren bueltako kreditu aldaketaren proposamenak aurrera egin zuen atzoko udalbatzarrean, EAJren eta PSE-EEren babesarekin, eta EH Bilduren ezezko botoekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide