Amenabar Zarautzek idatzi bat argitaratu zuen duela astebete sare sozialetan, denboraldia bukatu berritan taldearen egoera zein den azaltzeko. Zilarrezko Ohorezko Mailako sailkapenean hamahirugarren postuan gelditu dira, azken laugarren, eta denboraldi arrunta izan balitz, mailari eusteko promozioa jokatuko zuketen. Aurtengoa, aldiz, aparteko sasoia izan da, eta jaitsiera postuetan geratu da taldea, denboraldia hasi ostean Espainiako Eskubaloi Federazioak hartutako erabaki batengatik. Federazioak iaz egindako akats baten albo kalteak ordaintzen ari da Amenabar Zarautz, eta une honetan impasse batean dago: klubak erreklamazioa jarri du, eta ez daki datorren denboraldian zer mailatan ariko den.
Arazoaren hazia 2023-2024 denboraldian kokatzen da. Alacanteko (Herrialde Katalanak) bi talderen arteko derbia izan zela ardatza kontatu du Amenabarreko atezain Paulo Ostolazak: "Agustinos taldea mailari eusteko borrokan ari zen, eta partida galdu bazuen ere, erreklamatu zuten aurkariek jokalari zerrenda desegokia egin zutela. Hasiera batean, Agustinosek Zilarrezko Ohorezko Maila galdu bazuen ere, berehala zuzendu zuten, eta, ondorioz, Oviedo jaitsi zen mailaz.
Liga amaituta, Oviedok errekurtsoa sartu zuen, eta Kirol Auzitegi Administratiboak arrazoia eman zion". Arrazoia eman eman ziola berretsi du Zarautz Kirol Elkarteko Eskubaloi ataleko batzordekide eta abokatu Judith Esnalek, "baina uztailean". Alegia, federazioak plaza bermatu zion Zilarrezko Ohorezko Mailan Oviedori, baina datorren denboraldirako, eta aurten beheko mailan jokatu behar izan du. "Urtea bitarteko egoera batean pasatu dute, nolabait esateko".
Arauak liga hasi aurretik jakitea beharrezkoa zela azaldu dute
Hori horrela, Oviedok 2025-2026 denboraldian Zilarrezko Ohorezko Mailan plaza izan zezan, Espainiako Eskubaloi Federazioak erabaki zuen aurten azken hiru sailkatuek beharrean, azken lau taldeek galduko zutela maila zuzenean, eta azken bosgarrenak jokatuko zuela maila mantentzeko promozioa. Liga hasi eta bi jardunaldi jokatu ostean zehaztu zuten hori guztia, eta Zarauzko eskubaloi klubeko kideen iritziz, "denboraldia hasitakoan erabaki horiek hartzea ez da bidezkoa". Esnalek kontatu du klub guztiei bidali zietela mezua posta elektronikoz, sektoreko akordioa izan zela eta aurtengo funtzionamendua horrela izango zela esanez.
Aferak zipriztinduta
Erabakiarekin desados, aurten ligan lehiatu diren hamasei klubetatik hamahiruk idatzi bat sinatu zuten erabakiaren aurka. "Arauak txapelketa bat jokatzen hasi baino lehen jakin behar ditugu. Gainera, berdin zitzaigun aurtengo liga hamazazpi taldez osatuta egotea, baina federazioak ez zigun ezer erantzun, eta, azkenean, iazko afera batek gu zipriztindu gaitu", dio bartzordekideak.
Ostolazak argi eta garbi adierazi du taldekideek denboraldi hasieratik zekitela "mehatxu" hori mahai gainean zegoela, eta ez dela batere erosoa izan mamua bizkarrean izanda ligari aurre egitea. "Horrez gain, han-hemen entzuten genuen erabakia ez zela bidezkoa; hau da, azken laugarren geratzen zen taldeak erreklamazioa jarriz gero, arrazoia emango lioketela. Beraz, ez geneukan oso garbi hiru ala lau talde jaitsiko ziren mailaz, eta hori denboraldi osoan izan da kezka iturri. Gu saiatu gara ahalik eta partida gehien irabazten, baina egoera ez da egokiena izan", kontatu du atezainak.
Amenabarrek dio federazioaren erabakia ez dela bidezkoa
Momentu honetan bizitzen ari diren egoera ere ez dela gozoa aitortu du. Datorren denboraldian zer kategoriatan jokatuko duten ez dakite oraindik, eta horrek ez die uzten datorren urterako taldea definitzen, ez baitakite nola planteatu 2025-2026 aldia. Ostolaza irmo agertu da, itzulingururik gabe: "Guretzat sekulako aldea da taldea Lehen Nazionalean ateratzea edo Zilarrezko Ohorezko Mailan". Harrobiko taldea izanagatik, fitxaketaren bat edo beste egiteko aukera izan dezakete, eta ekonomikoki ere eragin dezake aferak, babesleei dagokienez.
Helegitea jada aurkeztu dute Kirol Auzitegi Administratiboan, eta hiru hilabeteko epean jasoko dute erantzuna. Ebazpena aldekoa ez bada, beste bide judizial batzuk ireki daitezkeela azaldu du Esnalek. Hala ere, itxaropena ez dute galtzen, eta iaz Agostinosekin eta Oviedorekin gertu bezala, epaiak arrazoia ematea espero dute.
Ahalik eta azkarren argitu nahi dute egoera, 2025-2026 aldia definitzeko
"Ez gara errekurtsoa jarri dugun bakarrak, Sevillak ere jarri du", esan du abokatuak. Hain zuzen ere, Andaluziako taldeak azken bosgarren amaitu du liga, eta federazioaren erabakiaren erruz, promozioa jokatzen ari dira, egoera arrunt batean jokatu beharko ez luketena. "Helegitea bi taldeok aurkeztu dugula ikusita, nik uste dut mugituko direla», dio Esnalek. "Arrazoia dugulako ari gara borrokan, eta herria zein zaleak gurekin daude".
Denboraldiaz harro
Amenabar Zarautz taldeko jokalariak ez daude inolaz ere atsekabetuta egindako denboraldiaz, "harro" baizik. "Iaz Zilarrezko Ohorezko Mailara igotzea lortu genuen, eta aurretik kategoria horretan hainbat urtez aritu izan ginen arren, jauzi handi bat zen aurreko urtearekin konparatuta", azaldu du Ostolazak.
Denboraldiko lehen itzuliari martxa hartzea kostatu egin zitzaiela onartu du atezainak, baina "aurtengo maila oso altua" izan da, "liga geroz eta profesionalagoa delako", eta uste du "oso ongi lehiatu" dutela amaierara arte. "Partida askok ihes egin digute oso gutxigatik, eta horrek kaltetu gaitu gehien". Taldea lasai dago, baina gustatuko litzaieke, nola ez, ahalik eta azkarren argitzea zer gertatuko den beraien etorkizunarekin.