Haimar Zubeldia Klasikoa antolatu dute Zarauzko Zikloturista Elkarteak gaur goizean. Zehazki, 08:00etan abiatu dira txirrindulariak Aritzbatalde kiroldegiko biribilgunetik. Martxa abiatu aurretik, txirrindularitzarekin lotura estua duten hiru lagun omendu dituzte: Gorka Izagirre, Ainhoa Murua eta Luis Leon Sanchez. Txapela bana jaso dute oroigarri gisa, Zarauzko Udaleko Kirol zinegotzi Inaxio Illarramendiren eskutik.
Iazko parte hartzaileen kopurua gainditu dute aurten. Mila txirrindularik eman dute izena ekitaldian. Horietatik 960 gizonezkoak dira eta 40 emakumezkoak. Jatorriari dagokionez, gehienak Zarauzkoak eta ingurukoak direla nabarmendu dute. Beste batzuk, aldiz, Alemaniatik, Herberetatik eta Estatu Batuetatik datoz proban parte hartzera.
Guztira, 160 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, 2.475 metroko desnibelarekin. Antolatzaileek azpimarratu zutenez, bost igoera egin beharko dituzte: Iturburu, Santa Ageda, Mandubi, Atagoiti eta Etumeta mendateak, hain justu ere. Gainera, atsedena hartzeko edota zerbait jan nahiz erateko beharra dutenentzat bi puntu zehaztu dituzte: Salbatoren eta Azpeitian. Halaber, Aritzbatalde kiroldegian ere jan-edana jarri dute.
Errepideko arauak errespetatzeko gogorazpena ere egin dute antolatzaileek. Kontuan izan behar da martxa errepide irekian egiten dela, eta seinaleztapen arauak zentzuz eta errespetatuz bete behar direla.