850 metro koadroko eraikina, "herritarren zerbitzurako prest"

Mireia Galarza Bastida eta Gorka Eizagirre 2025ko mai. 22a, 16:24

Gaur eguerdian inauguratu dute Udaltzaingoaren eraikin berria, eta bertan izan dira udaleko, Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuko ordezkariak. Azaldu dutenez, eraikin berriak "gaur egungo eta etorkizuneko herritarren segurtasun beharrak" beteko ditu. Aldi berean, erakundeen arteko "elkarlana" azpimarratu dute, "herritarren bizi kalitatearen mesederako". 

Villa Nuria eraikinean birgaitze eta moldaketa lanak amaituta, Zarauzko Udaltzaingoa egoitza berrira lekualdatu zuten apirila hasieran. Hilabete eta erdi inguru ondoren, gaur eguerdian egin dute irekiera instituzionala, eta bertan izan dira ordezkari publikoak, hala nola Xabier Txurruka Zarauzko alkatea, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua eta Noemi Lopez Espainiar Gobernuko Gipuzkoako ordezkariordea. Zarauzko udalbatzako kideek nahiz Udaltzaingoko eta Ertzaintzako ordezkariek ere parte hartu dute ekitaldian.  

Txurruka izan da lehenengoa hitza hartzen, eta ezer baino lehen, eskerrak eman nahi izan dizkie proiektuan parte hartu duten norbanako nahiz enpresa guztiei. Aldi berean, proiektuaren hastapenak gogoratu ditu: "2016an hasitako proiektua hazten joan da pixkanaka-pixkanaka, eta horretarako beharrezkoak izan dira Europatik jasotako Next Generation funtseko diru laguntzak".

Eraikinari buruzko historiari buruz ere mintzatu da alkatea. Izan ere, Villa Nuria, Arrate eta Itziar bezala ezagutzen diren eraikinek osatzen dute guztira egungo 850 metro karratu inguruko eraikina, jatorriz hiru etxe independente zirenak, eta askotariko erabilerak izan dituztenak orain arte: Gurutze Gorriaren eraikina, Babes Zibila, Aspaceren egoitza, erromesen aterpetxea... 

Gaur egungora itzulita, baina, eraikin eraberrituak Udaltzaingoaren gaur egungo eta etorkizuneko beharrak beteko dituela azaldu du Txurrukak. "Kokapen berriak ikusgarritasuna eta gertutasuna hobetzea ahalbidetuko du, eta Udaltzaingoak eskaintzen dituen zerbitzuetan aurrerapausoak ematen lagunduko du", gehitu du. Gaurkoan aro "berri" bat zabaldu dela ere adierazi du Zarauzko alkateak, baina funtsean helburuak berbera izaten jarraituko duela: "Zarauztarrei ahalik eta zerbitzu onena ematen jarraitzea da helburu nagusia". 

Erakundeen arteko elkarlana

Noemi Lopez Espainiako Gobernuko Gipuzkoako ordezkariordeak egin du ondoren hitzartzea, eta bere hitzetan, %35ekoa da Zarauzko Udalak eraikina birgaitzeko jasotako ekarpen ekonomikoa, milioi bat euro inguru, hain zuzen ere. Diru kontuak diru kontu, ordea, horrelako diru laguntzak "inbertsio abstraktuak" ez direla gehitu du Lopezek, "herritarren bizi kalitatea hobetuko duten ekarpenak baizik". 

Zupiriak, aldiz, polizia ereduaren inguruko hausnarketan egin du azpimarra. "Gobernuaren 13. legealdian, segurtasunari dagokionez, indar biziz bultzatu nahi dugun helburu bat da Euskal Poliziaren Proiektuarena. Horren oinarrian dago herritarren bizi kalitatea bultzatzea, kezka iturri bihurtu baita segurtasunaren afera", dio. Bide horretan, "nahitaezkotzat" jo du Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko lankidetza eta koordinazioa. "Aurrera egiteko elkarrekin jardutea da beharrezkoa. Hori da gure apustua", azaldu du. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide