Photomuseumek sustatutako eta Zarauzko Udalak babestutako Gela kultur hedapenerako programaren barruan, zinemaren historiari buruzko bederatzigarren saioa egingo dute gaur.
Aste honetako atala 70eko hamarkadako zinemari buruzkoa izango da, "berrasmatzea, ausardia eta iraultza estetikoaren garaiarena", Photomuseumeko kideen esanetan. Gehitu dutenez, garai horretan, mundu osoko zinemagileek, Martin Scorsesek eta Francis Ford Coppolak Estatu Batuetan, Werner Herzogek Alemanian eta Nagisa Oshimak Japonian, "iraganeko konbentzio narratibo eta bisualak desafiatu zituzten". Kamera "askeagoa" bihurtu zen, eta "gaiak ilun eta konplexuagoak", unean uneko gatazka sozial eta politikoak islatzeko.
Horretaz gain, Afrikako zinemaren sorrera eta kameren atzean emakumeek izan duten rol eraldatzailea ere aztertzen dira. Kapitulu honek "zinema aro berria" markatu zuen estilo eta ahotsen aniztasuna ospatzen du. Bertan, berrikuntza artistikoak eta begirada kritikoak zinema adierazteko eta aldatzeko tresna boteretsu ere bihurtu ziren.