Eskubaloiko Zilarrezko Ohorezko Mailako 2024-2025 denboraldia bukatu da Amenabar Zarautz taldearentzat, asteburuan Malagaren aurka 30-27 galdu ondoren. Sailkapeneko 13. postuan geratu da, eta haien atzetik, hurrenez hurren, Antequera, Valinox Novas eta Lanzarote geratu dira. Denboraldi arrunta balitz, mailari eusteko lehian egongo litzateke, baina jaitsiera postuetan geratu da.
Amenabar Zarautzek egoerari buruzko azalpena argitaratu du bere sare sozialetan: "Iazko akats bat medio, RFEBM Espainiako Eskubaloi Federazioak aurten lau talde jaitsiko zirela erabaki zuen denboraldia hasi ostean, bigarren jardunaldia jokatu ostean. Hau da: gu izan gara gurea izan ez den akats baten kaltetu nagusiak". Erabaki hori hartu izan ez balute, aste honetan mailari eusteko promozioa jokatu ahal izango zuketela jakinarazi dute.
Espainiako Federazioaren erabakiarekin desadostasunaren aurrean, aurten Zilarrezko Ohorezko Mailan lehiatu diren hamasei klubetik hamahiruk aipatu erabakia bidezkoa ez zela adierazten zuen idazki bat sinatu zuten martxoan; horien artean, Zarauzko Eskubaloiak. Oraindik, baina, ez dute erantzunik jaso.
Aitzitik, etxeko gizonezkoen eskubaloi taldeak ez du besoak gurutzatuta geratzeko inolako asmorik, eta federazioaren isiltasunaren aurrean, aurrera egingo dutela adierazi dute: "Gure eskura ditugun baliabide juridiko guztiekin borroka egingo dugu pistan lortutakoa defendatzeko".