Iaz egin bezala, Aran Running taldeak bi lasterketa antolatu ditu aurtengoan ere naturaren zaintzaren eta jasangarritasunaren aldeko mezua zabaltzeko. Zarauztik abiatuko da horietako bat, 30 kilometrokoa. Hain justu ere, ekainaren 1ean jokatuko da Aran Trail mendi lasterketa Zarauztik, eta erromatar bidean barrena, Getariako mahastietatik jarraituko du, Zumaiako flyscha eta Geoparkea zeharkatuta, Mutrikuko arrantza herrian amaitzeko ibilbidea.
Guztira, 250 korrikalarik parte hartu ahal izango dute lasterketan. Otsailaz geroztik zabalik da izen ematea rockthesport.com webgunean, eta oraindik ere eskuratu daiteke dortsala, 40 euroren prezioan. Horiek lasterketaren aurreko egunean, maiatzaren 31n, eskuratu ahal izango dituzte korrikalariek, Talai Mendi kanpinean, 17:00etatik 19:00ak artean.
Irteera puntu zehatzaren berri laster emango dute antolatzaileek. Mutrikura artean, bost anoa gune topatuko dituzte korrikalariek, eta 13:30ak baino lehen iritsi beharko dute helmugara.