Goretti Beloki eta Benito Loitegi, Gipuzkoako txapeldun bola jokoan

Aritz Mutiozabal 2025ko mai. 19a, 10:00

Ezkerretik, Antonio Amundarain, Benito Loitegi, Martxeli Kanflanka, Goretti Beloki, eta Jexux Atorrasagasti. (utzitakoa)

Larunbatean jokatu zuten txapelketa Zelai Ondoko bolatokian, eta Antonio Amundarainek eta Martxeli Kanflankak jantzi zuten tokako txapela.

Gipuzkoako Bola eta Toka Txapelketak hartu zituen Zarauzko Zelai Ondo auzoko bolatokiak larunbatean, goizean hasi eta arratsaldeko lehen ordura arte. Finalak oso lehiatuak izan ziren kategoria guztietan, eta horrek ikusmin ederra piztu zuen bertaratu ziren zaleen inguruan.

Emakumezkoetan, Goretti Beloki zarauztarra gailendu zen, 39-35eko emaitzarekin. Ategorrietako Olatz Larrañaga izan zuen aurrez aurre azken norgehiagokan, eta azken bola jaurti arte ez zen erabaki txapela. Gizonezkoetan, berriz, Benito Loitegi urnietarrak irabazi zuen; Jexux Atorrasagasti zarauztarra hartu zuen mendean, 40-36koarekin.

Toka txapelketan, bestalde, Antonio Amundarainek eta Jose Antonio Calvo hamabina berdindu zuten gizonezkoetan, baina azkenean Amundarainek jantzi zuen txapela, berdinketa hautsi ostean. Emakumezkoetan, lau ukituekin, Martxeli Kanflanka ereñotzuarra izan zen txapela jantzi zuena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide