Sabela betetzeko aitzakia aparta izan dute gaur eguerdian Santa Marina jaietara gerturatu direnek. Eguraldi bikaina lagun, parrillada egin dute, eta jende askok probatu ditu bertan eskaintzen zituzten pintxoak, sagardoak lagunduta.
Lehenago, herri kirol erakustaldia ere egin dute Santa Marinan, eta jende ugari bertaratu da ikuskizuna bertatik bertara ikustera. Gero, 18:30ean, musika festa izango da DJ Arnorekin.
Hori horrela, bihar atsedenerako eguna izango dute auzotarrek, eta asteartean ekingo diete berriro ere jaiei. Honakoa da egitaraua:
Maiatzak 20, asteartea
- 17:30. LV. Santa Marinako Korrika Txapelketa, 11 urtetik 14 urtera bitarteko neskentzat (2011 eta 2014 bitartean jaiotakoak; biak barne).
- Jarraian, LXXIII. Santa Marinako Korrika Txapelketa, 11 urtetik 14 urtera bitarteko mutilentzat (2011-2014 urte bitartean jaiotakoak, biak barne)
- Segidan, LV. Santa Marinako korrika txapelketa, 7-10 urtera bitarteko neskentzat (2015-2018 urte bitartean jaiotakoak, biak barne).
- Jarraian, LVI. Santa Marinako korrika txapelketa, 7-10 urteko mutilentzat (2015-2018 urte bitartean jaiotakoak, biak barne).
- Ondoren, buruhandiak auzoan zehar ibiliko dira.
Maiatzak 21, asteazkena
- Goizean goiz, kanpai-errepika eta itxaferoak eguna iragarriz.
- 08:30. Meza Nagusia Santa Marina ermitan.
- Ordu berean, Goizeko Ihintza txistulariek auzoko kaleak alaituko dituzte.
- Jarraian, txokolate-jana Kirkilla-Enea jatetxearen eskutik.
- 11:00. Jubilatuentzako ohiko hamaiketakoa Arkaitz-Mendi elkarteak eskainita.
- 18:00-20:30. Gauargi taldearen emanaldia gazte eta haurrentzat.
- Bitartean, Santa Marinako boletoen zozketa eta Urdaiazpiko apustuaren irabazlea iragarriko da.
- Festei amaiera emateko, sardinaren ehorzketa.