ZarataZarautzen 19. urteurreneko jaialdia, larunbatean

Intza Trula 2025ko mai. 15a, 13:00

Spiritual Law musika taldea.

Hiru musika talderen kontzertuekin ospatuko dute urtemuga Hiruputzu gaztetxean. Datorren asteburuan, berriz, Arraio Irratiaren 19. urtemuga ospatuko dute, beste lau talderen kontzertuekin.

ZarataZarautzek ospakizun eguna izango du larunbatean, eta hiru kontzertu prestatu dituzte Hiruputzu gaztetxean. Musika kolektiboaren irratsaioa sortu zutela 19 bete dira aurten, eta urtemugaren harira antolatu dituzte zuzenekoak.

Hori horrela, 21:00etan hasiko dira kontzertuak, eta ondorengo taldeak igoko dira oholtza gainera: Traumatizer, Spiritual Law eta Oust. Holandako Haarlem hiritik dator Traumatizer taldea, eta punk estiloa jorratzen dute beraien zuzenekoetan. Spiritual Law, berriz, Austriako musika taldea da, eta hardcore punk estiloa lantzen dute oholtza gainean. Urtemugako azken kontzertua Oust taldeak eskainiko du; hardcore punk estiloa dute oinarri, eta Amsterdam hiritik datoz.

Arraio Irratiaren ospakizuna, 24an

Datorren astean ere izango da festarako aitzakia Hiruputzu gaztetxean. Izan ere, larunbatean, maiatzaren 24an, Arraio Irratiaren 19. urteurrena ospatuko dute, eta horretarako kontzertuak antolatu dituzte.

Nakar, Martin de Marte eta Ithaka taldeak igoko dira oholtzara 22:00etan hasita. Sarrerak dagoeneko agortuta daude.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide