Elias Azpiroz: "Giro ederra sortzen delako du arrakasta danborradak"

Mireia Galarza Bastida eta Gorka Eizagirre 2025ko mai. 15a, 09:30

Danbor eta barrikek beti behar dute gidatuko dituen norbait, festek antolatzeko behar duten moduan. Santamarinen bueltan, Elias Azpirozek ondo daki hori. 

Jaiak joan den astean abiatu zituzten Zarauzko Santa Marina kalean, baina bihartik aurrera izango dituzte auzo horretan ekitaldi nagusiak. Horietan jendetsuena bihar gaueko danborrada  izango da, asko eta asko baitira bertan parte hartzen duten auzotar nahiz herritarrak. Elias Azpiroz (Zarautz, 1963) da horietako bat, Arkaitz-Mendi taldeko zuzendaria. Aspalditik ari da danborradan parte hartzen, eta ez hori bakarrik, festen antolaketa lanetan ere "buru-belarri" dihardu zarauztarrak. 

Iristear dago santamarinetako danborrada. Gogoz al zaude?

Bai, bai. Entseguekin hasi gara, eta horiek balio digute berriro ere festan kokatu eta saltsan sartzeko, bai zuzendarioi, eta bai danbor nahiz barrika jotzaileei ere. Urduritasun pixka bat ere nabaritzen da lehen entsegu horretan, baina gero hobetzen joaten gara. 

Zu danborradan parte hartzen ikusi zaitugu urte askoan, batez ere, zuzendari lanetan. Dena dela, noiz hasi zinen danborradan parte hartzen?

Ondo gogoratzen badut, 14 urte inguru nituela hasi nintzen, eta handik lauzpabost urtera, 18 urte betetakoan, hasi nintzen zuzendari lanetan. Harrezkeroztik, beti parte hartu izan dut danborradan.

Eta danbor jotzaileek egiten al diote kasu zuzendariari?

Bai, baina gertatzen dena da kalera irteten garenean ezagunei-eta kaso egiten hasten direla danbor jotzaileak, eta momentuko emozioek ere eragiten dutela; niri ere gertatzen zait. Orokorrean, kuadrilla giro ederra sortzen da danborradan, eta horregatik du arrakasta.

Asko aldatu al da danborrada hasiera haietatik?

Lehen dena guk egiten genuen. Danborrentzako, adibidez, pintura potoak hartzen genituen, zuloak egin, Santa Marinako pegatinak jarri eta makilak ere sortzen genituen. Barrikekin ere gauza berbera egiten genuen, baina txapa moduko bat jartzen genien gainetik, zarata desberdina atera zezaten. Orduan, gainera, herriko edozeinek parte hartzen zuen danborradan, eta bi taldetan banatzen ziren parte hartzaileak. Gerora sartu zen danborradan Arkaitz-Mendi elkarte gastronomikoa, duela 30 urte inguru, eta harrezkeroztik txapak jotzen ditugu. Beste taldea herriko jendearekin osatzen dugu, eta uste baino jende gehiagok izena ematen badu, gure taldera etortzen dira, bi taldeak orekatuak izan daitezen.

Denentzako lekua dago, beraz.

Momentuz bai, baina uste dut laster muga jartzen hasi beharko dugula. 

Geroz eta indar handiagoa duenaren seinale, ala?

Bai, bai, Santa Marina kalekoa ez den geroz eta jende gehiago etortzen da danborradara. Pentsa, guk danborrada egiten genuelako udaletik etorri zitzaizkigun galdezka ea sanpelaioetan ere helduen danborrada antolatzen hasiko ginen. Kuadrillatxo bat elkartu ginen horretarako, eta herrian zehar zeuden elkarteei kasu egiten hasi ginen, ea prest zeuden jakiteko ala ez. Uste dut 2000. urtean egin zela lehendabizikoz helduen danborrada. Orokorrean, Santa Marina kaleko festek irekitzen dute udaberri eta uda garaiko festen aldia, gero etortzen baitira aipatutako sanpelaioak, eta azkenak izaten dira Salbidekoak eta Itxasmendikoak.  

Santa Marinatik herri osora, orduan.

Esaten den bezala, Santa Marinatik mundu osora [barrez].

Ba al duzu momentu kutunik danborradan?

Santa Marina kaletik igarotzen garen momentua gustatzen zait gehien, baina egia da, ibilbideko lekuez harago, asko gustatzen zaidala danbor jotzaileen artean sortzen den giroa ere. 

Antolaketan ere ibiltzen zara. Lan asko eskatzen al dizu zeregin horrek?

Festetan antolaketa denbora gehien eskatzen digun ekintza da danborrada, konplexuena ere badelako. Izan ere, gauza asko lotu behar dira, eta horiek ondo egiteko, urtarrilean hasten gara lanean, pixkanaka-pixkanaka. Hala eta guztiz ere, batzordean jende gaztea sartu da, eta denon artean egiten ditugu zereginak. 

Lana, bai, baina gozatu ere egingo duzu bihar, ezta?

Saiatuko gara, bai. Goizean goiz arropa prest uzten dut, eta danborrada iritsi bitartean festetako egun horretako beste zeregin batzuk ere egin behar izaten ditut. Afaria ere prestatu behar izaten dugu, baina hala eta guztiz ere, festez gozatzen saiatuko gara. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide