Prebentzioaz eta lehen sorospenez ikasteko aukera egongo da malekoian

Intza Trula 2025ko mai. 14a, 09:00

Prebentzioko eta lehen sorospenetako ikastaroetan parte hartuko duten entitateetako eta elkarteetako ordezkariak. (Intza Trula)

Beste urte batez, Zingira Zarautz Babes Zibilak antolatu du Guztion eskuetan izeneko kanpaina. Herritar ororentzako prebentziorako eta lehen sorospenerako teknikak irakatsiko dituzte larunbat honetan, 10:00etatik 13:00etara.

Prebentziorako eta lehen sorospenerako teknikak irakatsiko dituzte larunbat honetan malekoian, Zingira Zarautz Babes Zibilak antolatuta, Zarauzko Udalaren laguntzarekin. Guztion eskuetan lelopean egingo dute kanpaina beste urte batez, eta asmoa da herritarrei larrialdi edo estutasun egoera baten aurrean nola jokatu erakustea.

Aurreko aldietan bezala, aurten ere larrialdietako sektoreko hainbat elkartek eta erakundek parte hartuko dute ekimenean: hala nola Dyak, Osakidetzak, SOS Deiakek, Ertzaintzak, Suhiltzaileek eta Udaltzaingoak.

Hori horrela, 10:00etatik 13:00etara artean, larrialdietan diharduten langileek euren egunerokoa erakutsiko dute malekoian jarriko dituzten karpetan. Besteak beste, bertan ikusi ahal izango dira anbulantzien eta suhiltzaileen saioak, BBB (bihotz-biriketako bizkortzea) eta desfibriladore formakuntzak edota erreskatatze simulazioak. Gainera, 12:00etan, bizikleta istripu baten simulazioa ere egingo dute.

Hezkuntzan ere bai

Lehen sorospenen garrantziaz jabetuta, lanketa Zarauzko eskoletara ere zabaldu dute. LH3. mailatik hasi eta DBH4. mailara arteko ikasleei eskuorri bat banatu diete, larrialdiak eta istripuak ekidin edo arintzeko beharrezko informazioarekin.

Eskuorri hori kanpainan parte hartu duten eragile eta elkarte guztien artean ondu dute, eta bertan labur eta argi jasotzen dira egunerokoan gerta daitezkeen larrialdi egoerei aurre egiteko aholku praktikoak; esaterako, lehen sorospenei buruzko informazioa, etxeko sute baten aurrean egin beharrekoa, bihotz biriketako bizkortzea nola praktikatu, edo hondartzan edo errepidean gerta daitezkeen istripuetan nola jokatu. Halaber, ikasgeletan jartzeko kartel informatzaileak ere egin dira, ikasleek gelan ere informazio argigarria izan dezaten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide