Zarauzko Udaleko Berdintasun departamentuak, herritarrekin menopausiaren gaia jorratzeko xedez, hainbat jarduera antolatu ditu maiatzean eta ekainean. Zehazki, hitzaldi bat entzuteko, lau saioz osatutako tailer batean parte hartzeko eta emanaldi bat ikusteko aukera izango da. Udalaren esanetan, hiru hitzorduak "emakumeei informazioa, laguntza eta ahalduntzea emateko" diseinatutakoak dira.
Gloria Vazquez Zarauzko Udaleko Berdintasun zinegotziak azpimarratu du "menopausia prozesu natural gisa ikusaraztea" dela jarduera horiek antolatzearen helburua. "Horrela, informazioarekin eta konfiantzarekin aurre egin diezaioten", gehitu du zinegotziak. Halaber, menopausiak tabu izateari uztean egin du azpimarra: "Biztanleriaren erdiak biziko du fase hau bere bizitzan, eta normalizatu egin behar dugu".
Hiru hitzordu
Hori horrela, Menopausia erosoa nutrizioaren bidez hitzaldia izango da lehen hitzordua, bihar. Nutriventurako Aintzane Etxeberriak eskainiko du, 18:00etan, Emakumeen Etxean. Bertan, menopausiak eragiten dituen aldaketak eta sintomak aztertuko dituzte, baita dieta egoki batek ondoez horiek arintzen nola lagun dezakeen ere.
Tailerrak, berriz, lau saio izango ditu: maiatzaren 21ean hasiko da, datozenak maiatzaren 28an, ekainaren 5ean eta 12an izango dira, 18:00etatik 20:00etara. Autozaintza menopausia aurreko eta menopausiako etapan du izena saioak, eta menopausian dauden emakumeei zuzendutakoa izango da. Emagin talde batek eskainiko du, eta horien artean izango dira Nerea Medieville, Begoña Ugarte, Maddi Esnaola, Beatriz Rubio, Alazne Korro, Irati Del Rio eta Elisa Fernández. Tailerraren helburua da autozainketa-jarduerak sustatzea, aldaketa hormonalak ulertzea eta zahartzeari bizi-kalitate handiagoarekin aurre egitea. Gainera, emakumeak beren sexualitatean, afektibitatean eta autoestimuan ahalduntzea bilatzen du, etapa horretan emakumearen kontzeptuaren gainean aldaketa kulturala eta soziala sustatuz.
Jarduera sortari amaiera emateko, Klimaterioa izeneko ikuskizuna eskainiko dute Modelo aretoan. Ekainaren 12an izango da, 19:00etan. Ikuskizun honetan, klimaterioarekin topo egiten duen emakume baten ibilerak kontatuko ditu klimaxera iristeko autobidearen bila doanean. Hori guztia, Kaitin Allenderen bakarrizketekin eta Oihane Perearen eta Irati Andaren bertsoak uztartuz egingo dute.
Hori horrela, Vazquezek emakume oro animatu du Berdintasun departamentuak antolatutako jardueretan parte hartzera.