Jon Azkue eta Ane Arozena: "Ikusten ez den lana eskatzen dute plaieroek, baina oso eskertua da"

Intza Trula eta Gorka Eizagirre 2025ko mai. 9a, 10:00

Azken txanpara heldu da 80. Hondartzako Futbol Txapelketa. Bihar jokatuko dituzte finalak; festa egun handia izango da, jokalarientzat ez ezik, baita urte osoan lanean aritu diren antolatzaileentzat ere. Jon Azkuek (Zarautz, 1995) urteak daramatza txapelketa antolatzen; Ane Arozena (Zarautz, 1994), aldiz, aurten batu da taldera.

Heldu da plaieroetako denboraldiaren astebururik garrantzitsuena. Prest al duzue guztia biharko?

ANE AROZENA: Prest daukagu guztia, eta gu ere prest gaude asteburuari heltzeko. Finalen egunak ematen dio amaiera denboraldiari, eta gogotsu gaude bai eguna bizitzeko, bai dena ondo atera dela ikusteko.

Jokalariak urduri egongo dira... Antolakuntzako kideak ere bai? Zerk kezkatzen zaituzte gehien?

JON AZKUE: Finalak hasi aurretik beti sentitzen dugu urduritasun puntu hori. Ea zelai markaketak eta ate muntaketak ondo egiten diren begiratzen dugu, eta aurreko egunak eguraldiaren iragarpenari begira igarotzen ditugu, noski. Hala eta guztiz ere, behin neurketak hasten direnean urduritasun hori desagertu egiten da, eta egunaz gozatzen hasten gara.

Txapelketa kanpotik bizitzen dutenentzat dena oso polita izan ohi da, baina barrutik bizitzen duzuenontzat nolako eguna izaten da? Izan ere, plaieroak antolatzeak lan asko eskatzen du.

A.A.: Txapelketa honen atzean lantalde polit bat dago, eta gauza bakoitzak bere lana eskatzen duenez, bi multzotan banatuta gaude: bata, zelai markaketak, mareen kontua, partidak eta abar antolatzeaz arduratzen da; bestea, berriz, gehiago dago bideratuta festaren kontura eta gaztetxoen txapelketa antolatzera. Lan asko eskatzen du lehiaketa prestatzeak.

Finala amaitzean, zuek ere ospatzen al duzue?

J.A.: Guretzat ere festa eguna izango da biharkoa. Gainera, finalen ondoren bazkaria egiten dugu guztiok elkarrekin, eta bertara gonbidatuta daude jokalariak, epaileak zein antolakuntzako kideak. Jende asko elkartzen gara, eta bakoitza bere lekuan eseri arte urduri egon ohi gara, baina berehala hasten gara otorduaz gozatzen.

Aurtengo finala berezia da, 80. edizioa baita. Ezohiko zerbait prestatu al duzue urtemugaren harira?

J.A.: Egia esan, ez dugu aparteko gauzarik prestatu biharko, eta esan beharra daukat guretzat urtero izaten dela berezia txapelketa, ez urtemuga borobiletan bakarrik. 75. urteurrenean zerbait handiagoa egin genuen, eta pentsatzen dut 100. ediziora heldu aurretik ere zerbait potoloa prestatuko dugula. Halere, ez dugu pentsatu zer urtetan izango den hori.

Hitz egin al duzue finalera heldu diren taldeekin zer moduz dauden jakiteko?

A.A.: Pertsonalki ez dut inorekin hitz egin, baina nesken txapelketan Kebidek eta Orbela taldeak iritsi dira finalera. Azken urteetan beraiek izan dira finala jokatu dutenak, eta urduri egongo diren arren, badute esperientzia. Esango nuke Kopako finala jokatuko duten taldeak urduriago daudela, ez baitira finaleko ohiko taldeak.

J.A.: Ligan, Asti Pinturak taldeko jokalariekin harremanetan egon naiz, eta aipatu didate oso lasai daudela, denboraldi ona egin baitute. Balearri Astilleroko getariarrak ere gogotsu daude, aurreko finala galtzetik baitatoz, eta garaikurra altxatzea nahi dute. Kopan, Kosta taldekoak lasai daude. Beraiek Ligako finalera heldu ohi dira, baina aurten Koparako sailkatu dira, denboraldi oso txukuna egin ostean. Beraien aurkariak azkoitiarrak izango dira –Latz Taberna–, eta urduri dauden arren, oso gogotsu daude biharko, Azkoitiko talde bat Zarauzko txapelketako finalera iritsi delako.

Antolakuntzako lantaldea indartzeko deialdia ere egin zenuten duela hilabete batzuk. Nolako harrera izan du eskaera horrek?

A.A.: Ni, adibidez, deialdi horren berri izan nuelako sartu nintzen antolakuntza taldera. Ikusten ez den lan handia dago atzetik, eta aprobetxatu nahi dut berriro ere herritarrei mezua zabaltzeko, antolakuntza taldera batu daitezen. Lan handia du honek, baina dena amaitzen denean eta ondo atera dela ikusten duzunean, balio du egindako guztiak. Gainera, gure artean oso giro polita sortu da. Ingurune ezberdinetako jendea biltzen gara, eta ondo moldatzen gara elkarrekin.

J.A.: Oso eskertua da lana, jendeak asko baloratzen eta eskertzen du egiten duguna, eta hori ikusi egiten da.

Urte asko igaro dira txapelketa hau abiatu zenutenetik, eta gero eta talde gehiago dira izena ematera animatzen direnak. Esaterako, emakumeen taldeek, kopuru aldetik, martxa ona hartu dute.

J.A.: Oso albiste ona da hori guretzat, urtetik urtera gero eta emakume gehiago ikusten baititugu Zarauzko hondartzan jokatzen. Aurten, talde berri bat batu da txapelketara, Orioko Euskal Parrilla. Ea hurrengo urtean beste talde berririk animatzen den, eta noizbait gizonezkoen eta emakumezkoen talde kopurua berdina izatea lortzen dugun. Horri lotuta, Emakumeen Futbolari Eguna ere antolatzen dugu urtean behin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide