Buruko osasun arazoa duten pertsonak babesteko neurri juridikoei buruzko hitzaldia emango du Agifes elkarteak

Intza Trula 2025ko mai. 3a, 14:00

Esther Ezponda, ezkerretik hasi eta bigarrena, Agifeseko gainerako zuzendaritza-batzordekideekin. (Agifes)

Maiatzaren 8an, 18:00etan, Antoniano aretoan izango da hitzaldia. Esther Ezponda abokatu eta Agifeseko zuzendaritza-batzordeko kideak zuzenduko du saioa.

Agifesek, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen eta beraien senideen Gipuzkoak elkarteak, hitzaldia antolatu du datorren maiatzaren 8rako, Antoniano aretoan, 18:00etan. Elkarteak zehaztu duenez, buru osasuneko arazoak dituzten pertsonen babes juridikorako neurrien inguruko informazio saioa izango da. Hala, Esther Ezponda arduratuko da saioa gidatzeaz, abokatua eta Agifeseko zuzendaritza-batzordeko kidea baita bera. 

Hori horrela, solasaldian ekainaren 2ko 8/2021 legea izango dute oinarri. Arau horren bidez, legeria zibila eta prozesala erreformatzen da, desgaitasuna duten pertsonei beren gaitasun juridikoa gauzatzen laguntzeko. Funtsean, arau horrek desgaitasuna duten pertsonentzako laguntza juridikoaren sistema nola aldatu duen azalduko du adituak. "Jada ez da hitz egiten pertsonak ezgaitzeaz, baizik eta pertsona bakoitzari behar dituen laguntza espezifikoak emateaz", azpimarratu du Ezpondak. Era berean, hizlariak kolektiboarentzat eskuragarri dauden beste babes-neurri batzuren berri emango du; hala nola prebentzio-botereak, pertsona bati beste bat izendatzeko aukera ematen diotenak, bere borondatea adierazteko gaitasuna galduz gero bere interesak ordezkatu eta defenda ditzan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide