462 lagunek parte hartu dute 'Appa Zarautz' galdera-erantzunen jolasean

Intza Trula 2025ko mai. 3a, 13:00

Iker Basurko Proiektu Estrategikoen zinegotzia eta Zarautz 2030 Proiektuaren arduraduna, Nerea Ollokiegi tknikaria eta jolasean saritutako herritarrak. (Zarauzko Udala)

Martxoaren 24tik apirilaren 10era arte egon da martxan galdera-erantzunen jolasa. Denbora horretan, guztira, 5.784 partida jokatu dira aplikazioaren bitartez.

Amaitutzat eman dute Appa Zarautz galdera-erantzunen jolasaren bigarren edizioa, eta, guztira, 462 lagun izan dira bertan parte hartzera animatu direnak. Zarauzko Udalak antolatu du ekimena bigarren urtez, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzarekin elkarlanean; antolatzaileek jakitera eman dutenez, "aurreko urteko arrakastari jarraipena eman dio" azken edizio honek, orotara, 5.784 partida osatuz. Erabiltzaileek martxoaren 24tik apirilaren 10era bitartean erantzun behar izan zituzten galderak.

Hala, udalak azpimarratu du, parte hartu duten 462 lagunen erdiak, gutxi gorabehera, erabiltzaile berriak izan direla. Parte hartzaileen %69k partida guztien erdiak egin dituzte, gutxienez. Jokatzeko erabilitako hizkuntzari dagokionez, erabiltzaileen %78 izan Appa Zarautz jolasean euskaraz jokatzea erabaki duena; gainerako %22ak, berriz, gazteleraz egin du.

Zarauzko Udaleko Proiektu Estrategikoen zinegotzi eta Zarautz 2030 proiektuaren arduradun Iker Basurkok eskerrak eman nahi izan dizkie bigarren edizioan parte hartzera animatu diren guztiei. "Aurten, 2030 tokiko agendako mezua indartzeaz gain, Mugikortasuneko eta Herritarren Segurtasuneko departamentuetatik abian jarri dugun Mugikortasuna, Errespetua eta Bizikidetza proiektuarekin lotutako galderak sartzea erabaki dugu, bide publikoko erabiltzaileen arteko bizikidetza egokiaren beharraz kontzientziatzen saiatzeko", gehitu du.

Sari banaketa

Aurreko urtean bezala, Appa Zarautz galdera-erantzunen jolasaren irabazleen artean hainbat sari banatu dituzte aurten ere. Udaletxeko pleno aretoan egin zuten sari banaketa ekitaldia, eta askotariko produktuak jaso zituzten herritarrek bertan: hala nola jertseak, biserak edo tokiko merkataritzan gastatzeko bonuak eskuratu zituzten. Horrez gainera, beste bost sari berezi ere zozkatu zituzten, familian edo lagunekin gozatzeko moduko jarduerekin: esaterako, sei lagunentzako nabigazio jardunaldia, golfeko ikastarorako sarrera eta bazkaria, baita taldeko afari batengatik trukatzeko bonuak ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide