'Patriarcado, organismo nocivo' dokumentala emango dute Emakumeen Etxean

Intza Trula 2025ko mai. 3a, 10:30

Gloria Vazquez Berdintasun zinegotzia, indarkeria matxistaren biktimen oroimenezko monolitoaren aurrean. (Zarauzko Udala)

Maiatzaren 8an, ostegunez, emango dute ikus-entzunezkoa 18:30ean. Zarauzko Udaleko Berdintasun departamentuak antolatu du saioa.

Zarauzko Udaleko Berdintasun departamentuak antolatuta, Patriarcado, organismo nocivo dokumentala emango dute maiatzaren 8an, osteguna, 18:30ean, Emakumeen Etxean. Horrez aparte, ikus-entzunezko emanaldiarekin ondoren, indarkeria matxistak nola eragiten duen eta horri aurre egiteko eta indarkeria horren biktimei nola lagundu hausnartzeko eta eztabaidatzeko aukera ere egongo da.

Dokumentalean, indarkeria matxistaren biktima izandako lau emakumek parte hartzen dute. 15 eta 19 urte bitarteko nerabeen testigantzak eta hainbat arlotako profesionalenen hitzak ere entzun ahal izango dira bertan; hala nola zuzenbide arlokoenak, psikologoenak, soziologoenak edo hezkuntzako profesionalenak. Horrela, dokumentalaren helburuetako bat da patriarkatuaren esanahia ulertzea, eta, horrekin batera, bereziki emakumeengan, baina baita gizonengan ere, nola eragiten duen ikusaraztea. Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziak dei egin die herritar guztiei bertaratzera.

Vazquezek zehaztu duenez, hainbat gai jorratzen dituzte dokumentalean: esaterako, harremanak izateko moduak, zein rolek baldintzatzen dituzten edo adingabeekin lehenbailehen sexualitateaz hitz egitearen garrantzia... "Gizarteak indarkeriaren aurrean kontzientziatu behar duela planteatzen digu ikus-entzunezkoak, eta ez mina sortzen duten egoerak normalizatu. Baina, batez ere, mezu horiek mezu positibo eta ahaltsua helarazten digute, indarkeriaren zurrunbilotik irten eta bizitza gozatuz bizi daitekeela", gehitu du zinegotziak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide