Hormigoi Lehiaketa Mundiala, talentu gaztearen erakuslehio

Julene Sorarrain 2025ko api. 30a, 09:35

Lehiaketara aurkeztutako ikasleak, IƱigo Amenabar eta Nagore Azuabarrena. (Julene Sorarrain)

Lizardi institutuko hiru ikaslek beren proiektua aurkeztu dute Gipuzkoako Aparejadore eta Arkiteko Teknikoen elkargoak antolatutako hormigoi lehiaketara.

Gipuzkoako Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialak bat egin du Nafarroako elkargoak antolatutako egitasmoarekin, eta guztira Gipuzkoako hogei ikastetxek parte hartu dute aurtengo Hormigoi Lehiaketa Mundialean, tartean Zarauzko Lizardi institutuak. Egitasmoa Nafarroako Arkitektura Teknikoaren Elkargo Ofizialak abiatu zuen iaz, eta aurtengo deialdian hamabi probintziatako 600dik gora ikaslek egindako lanaren emaitza erakutsiko dute.

Atzo Lizardi institutuan egindako aurkezpenean izan ziren Nagore Azuabarrena Gipuzkoako aparejadore eta arkitektoen elkargoko presidentea, Iñigo Amenabar Lizardi institutuko teknologia alorreko irakaslea eta Ibai Cheng, Hegoi Otermin eta Axel Coronado lehiaketan parte hartu duten ikasleak.

Azuabarrenaren hitzetan, lehiaketaren bidez "bizitegi erronkari" erantzun nahi diote. "Erreleboa falta da lanbide honetan, eta gazteak erakartzea funtsezkoa da lanpostuak hutsik gera ez daitezen".

Lehiaketaren helburua hormigoi sendoena lortzea da. Ikastetxeek martxoan eman zuten izena egitasmoan, eta apirilean, berriz, hormigoia egiteko materiala jaso zuten. "Proiektuak oso diseinu ona duela pentsatzen dugu. Prozesuan gorabeherak izan ditugun arren, proiektua baliagarria izan zaie ikasleei hormigoia eta haren erabilerak ezagutzeko", adierazi zuen Amenabarrek.

Cheng, Otermin eta Coronado Batxilergoko lehen mailako ikasleek, beraz, bukatutzat eman dute beren lana: "Urtean zehar, teknologiako saioetan lantaldean aritzen gara, eta Internet bezalako baliabideei esker, ez zaigu prozesu zaila egin. Hormigoia egunero lantzen dugun materiala da, eta interesa dugu harekiko. Sariaren bila goaz, baina irabazi ala galdu, emaitzarekin eta ikasitakoarekin geratuko gara".

Maiatzeko lehen hamabostaldian jakinaraziko dute zein izan den Gipuzkoako talde irabazlea, hori sailkatuko baita Espainia mailan jokatuko den txapelketara. Gainera, originaltasuna ere sarituko dute Sormenaren Aitorpena izeneko sariaren bidez. "Hormigoia egiteko prozesuari edo arkitekto teknikoen lanbideari lotutako argazki, bideo eta diseinuak osatu beharko dituzte partaideek, eta horietan onenak jasoko du garaikurra".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide