Bustitik eta goizean goizetik hasita jokatu dute V. Play-Eruak Txapelketaren lehen jardunaldia. Helduen hondartzako futbolak duen esentzia berean, alegia. DBHko ikasleentzat espresuki antolatzen den kirol egitasmoak gero eta emaitza hobea izaten du, eta aurten 70 talde aritu dira (Zarauzkoak ez ezik, Oriokoak, Getariakoak, Aiakoak eta Usurbilgoak, esaterako) nor baino nor baloia gogotik astintzen, aurkariaren atean sartzeko.
Zarauzko plaieroek etorkizuna bermatuta dute adierazgarri garbia izan da gaur goizekoa. Munoa azpitik Berazaraino iritsi dira joko eremuak, eta aterune txikiak izan badira ere, euri zaparrada bortitzei aurre egin behar izan diete aldian-aladian 700tik gora jokalariek, baita ikustera bertaratu diren lagun, guraso eta herritarrek ere. Azkenean, esaera zaharrak ez du gezurrik esaten: gustuko tokian, aldaparik ez.
Batzuk irabazi eta beste batzuk galdu; berdinketak ez zuen balio gaur, penaltietan erabakitzen baitzen partida. Ororen gainetik, lagun giroa izan da nagusi joko erremu barruan zein kanpoan, eta Zarauzko Plaieroetako antolakuntzak prestatutako txokolate beroa ezin hobe etorri zaie egindako ahaleginetik indarberritzeko.
Bihar goizean, txapelketaren bigarren jardunaldia izango dute jokoan, eta jada gauzak erabakitzen joango dira.